Euskal selekzioa

Clementek 22 jokalariko zerrenda eman du

Athleticeko hamabi jokalari, Realeko bost, Osasuna nahiz Alaveseko bi eta Eibarreko bat daude astelehenean Costa Ricaren aurka jokatzeko deialdian. Sei dira debutariak: Ezkieta, Yeray, Unai Nuñez, Morcillo, Gebara eta Zubeldia. Ez dago Iparraldeko jokalaririk, ezta Espainiako Ligatik kanpo jokatzen duenik.

ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 11
15:12
Entzun

Euskal selekzioak astelehenean partida jokatuko du Costa Ricaren aurka Ipuruan (20:45). Bada, Javier Clemente hautatzaileak eman du neurketarako deitu dituen jokalarien zerrenda. Federazioaren sare sozialen bidez egin du, eta guztira Athleticeko 12 jokalari, Realeko bost, Alaveseko nahiz Osasunako bi eta Eibarreko bat. Athleticetik  Ezkieta, Herrerin, Yuri, Yerai, Nuñez, Balentziaga, Dani Garcia, Muniain, Williams, Villalibre eta Morcillo deitu ditu; Realetik Zaldua, Aihen, Zubeldia, Bautista eta Gebara; Osasunatik Sanjurjo eta Roberto Torres; Alavesetik Manu Garcia eta Agirregabiria; eta, Eibarretik, Arbilla. Sei debutari daude: Ezkieta, Yeray, Unai Nuñez, Morcillo, Gebara eta Zubeldia. Ez dago Iparraldeko jokalaririk, ezta Espainiako Ligatik kanpo jokatzen duen jokalaririk ere.

FIFAren egutegiaren barruan jokatuko duen hirugarren partida izango da. Aurreko biak Venezuelaren aurkakoa, Gasteizen, 2018ko urriaren 12an, eta Panamakoa, iazko maiatzaren 29an, izan ziren. Lehenengoan 4-2 irabazi zuen, eta bestean 0-0 berdindu zuen. Venezuelako partidako Euskal selekzioaren golegileak Ibai, Bautista, Arbilla eta Aritz Elustondo izan ziren. Euskadiko Futbol Federazioaren arabera, "selekzioa hazten jarraitzea" da partidaren helburua, eta selekzioaren inguruan "lan dinamika berri bat sortzea, eta proiektua berpiztea" zaleen eta euskal gizartearen ilusioei eta aurreikuspenei erantzunez. Costa Rica Europan dabil egun hauetan, eta hainbat adiskidantzazko partida jokatuko ditu. FIFAren sailkapenean 50. tokian dago. Ronald Gonzalez du entrenatzaile, eta Munduko Kopan izan duen emaitzarik onena duela sei urte lortu zuen. Final-laurdenetara heldu zen. Gonzalezek ondorengo iritzia eman du Euskal selekzioari buruz: "Oso jokalari onak dauzka. Erronka handia da guretzat, eta horixe behar dugu".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.