Komunikazioa

Kazetaritzaren erronken inguruan hausnartzen ari dira EHUren biltzar batean

EHUko HGH ikerketa taldeak Slow journalism eta gaur egungo kazetaritza digitalaren erronkak biltzarra antolatu du. Lehen egunean, zenbait hedabide txikitako arduradunek beren ereduen berri eman dute. Bihar mahai inguru gehiago izango dira.

Vanesa Jimenez, 'Ctxt'-ko zuzendari albokoa. BERRIA
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 11
15:57
Entzun

«Aktualitatearekin hautsi, eta nahi duzuna nahi duzunean idaztea. Askatasuna maitatzea». Ildo bereko hitzekin definitu du gaur Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta ikerlariak kazetaritza narratiboa —iaz hartu zuen erretiroa EHUko irakasle lanetik, baina aitortu du ez dagoela geldirik (BERRIAn kolaborazen du)—. Hiru ezaugarri jo zituen, halaber, kazetarientzat beharrezkotzat: «Jarraikitasuna, ausardia eta kalitatea». Gakoak kalitate etikoa eta estetikoa direla uste du Ramirez de la Piscinak. «Gertaeren zergatia kontatu behar da, gauzak nola gertatu diren. Hori da kazetaritza narratiboa oinarria». Sarrera hitzaldi inspiragarria eman du Ramirez de la Piscinak EHUko HGH ikerketa taldeak antolatutako Slow journalism eta gaur egungo kazetaritza digitalaren erronkak biltzarreko lehen egunean. «Inspiragarritzat» jo dituzte biltzarrean parte hartu duten hainbat hizlarik EHUko HGH ikerketa taldeko buru ohiaren hitzak. Hark, bestalde, nabarmendu du zenbait hedabide txikitan topa daitezkeela kazetaritza narratiboaren adibide onak. Haietako batzuk ezagutarazi dituzte gaur, biltzarrean:

5W hedabideak nazioarteko kazetaritza lantzen du. Maribel Izkue erredaktore buruak azaldu duenez, konfinamenduko hilabeteetan asko ugaritu ziren hedabidearen harpidetzak. «Gainera, gero eta kontzientzia handiagoa dago kazetaritza egiteak kostu bat duela». Izkuren iritziz, «kalitatezko» kazetaritzaren aldeko apustua egin behar da. 5W-ko diru sarreren %2-3 baino ez dira publizitate arlokoak. Harpidetzen eta liburuen salmentatik ateratzen dute diru gehiena. Azkenaldian podcastak ari dira egiten, baita ikus-entzunezko lanak ere.

Jot Down aldizkariaren sorreraz mintzatu dan, bestalde, Angel Fernandez editorea. Hasieran, webgune bat sortu zuten, eta lehen urtean ez zuten publizitaterik lortu. «Baina testuen tonuak eta edukiek harrera ona izan zuten. Eta, sortu eta urtebetera, proiektua monetizatzea erabaki genuen». Edukietan, elkarrizketa luzeak egiten hasi ziren promozio bira batean ez zeuden idazle eta sortzaileekin. Ondotik, aliantza bat egin zuten Eldiario.es-ekin; eta, gero, El País egunkariarekin. Hilean behin, egunkari horrek Jot Down-en eduki onenekin osatutako paperezko aldizkari bat saltzen zuen. Baina iaz El País-ek hautsi egin zuen akordioa. «Kiebra jotzekotan egon ginen. Gaizki pasatu dugu, eta geure burua berrasmatu behar izan dugu», azaldu du Fernandezek. «Orain, adibidez, Filmin ikus-entzunezko plataformarekin dugun harpidetza aliantzak ondo funtzionatzen du».

Edukiak lantzeko orduan, beren buruarekin zintzoak izan nahi duten kazetariak dira Ctxt eta Yorokobu aldizkarietakoak.
Vanessa Jimenez Ctxt-ko sortzaileetako bat izan zen, eta zuzendari albokoa da. Zera esan du biltzarrean: «Aldizkariaren sei urte hauetan, nahi duguna nahi dugunean idatzi dugu, testuinguru oso zail batean». Horrek kostu bat dakar, eta egokituz joan behar izan dute urteotan. Sorrerako bazkideek diru bat jarri zuten hasieran, finantza kolektiboko kanpainak egin dituzte, harpidetza kanpaina bat gero... Aldizkariko erredakzioak zortzi kazetari ditu, eta kolaboratzaile sare sendo bat dute. 2018an, liburuak argitaratzen eta formakuntza tailerrak ematen hasi ziren. Iaz, egoitza handiago bat topatu zuten Madrilen, eta ekitaldiak egiten hasi ziren. Baina pandemiak eten egin zituen  asmo horiek. «Aldizkariko kazetariek sentitzen dute kazetaritza garrantzitsua dela, nahiz eta egoera ez den batere erraza. Datorren urtea ez da hobea izango», gaineratu du Jimenezek.

Diseinuari eta berrikuntzari buruzkoa da bereziki Yorokobu aldizkaria. Hilean behin argitaratzen da paperean. Fermin Abella aldizkariko zuzendariak gogoratu du krisialdiaren erdian sortu zutela aldizkaria, 2009an. «Baina zerbait desberdina egin nahi genuen, eta batez ere, nahi genuena». Pandemiarekin aldizkaria gaizki pasatzen ari dela aitortu du. «Egunero berrasmatu beharra daukagu. Baina lortu dugu independentzia mantentzea».

Ramirez de la Piscinaren mintzaldiarekin bat eginda, Abellak hitz hauek esan zituen kazetaritzan aritu nahi duten gazteenzat: «Nekaezina bazara, ausardia baldin baduzu, eta kalitatea, kazetari lanari eutsi ahalko diozu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.