Enpresak

CAFek 21 milioi euro galdu ditu irailera arte

Azken hiruhilekoko emaitza onengatik, buelta eman dio egoerari, baina aurreko urte berean baino %19 gutxiago irabazi du. Autobus salmenten hazkundearekin konpentsatu ditu trenetan izandako galerak.

CAFen Beasaingo lantegia. BERRIA
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 11
19:46
Entzun

CAFek 21 milioi euro galdu zituen urteko lehen bederatzi hilabeteetan, aldi horretan izandako jarduera txikiagoaren ondorioz, COVID-19a dela eta.

Beasaingo (Gipuzkoa) tren ekoizleak 1.817 milioi euroren salmentak izan zituen irailera arte, aurreko urteko epe berean baino %2 gutxiago, eta 138 milioiko ustiapen gordina (Ebitda) izan zuen, iazko epe berean baino %19 gutxiago.

COVID-19aren ondorioz jarduera gelditu izanak azaltzen ditu emaitzok. CAFek inpaktu hori partzialki konpentsatzea lortu du autobus salmenten hazkundearekin.

Uda ona

Uztail eta irail bitartean soilik, Solaris autobusen filialaren fakturazioa %39 handitu zen, 222 milioi euroraino. Bestalde, udan jarduerari berrekiteak diru sarrerak %9 handitzea eragin zuen trenen negozioan.

Azken hiruhilekoko emaitzekin, konpainiak pandemiaren eragina mugatzea lortu du, urtarriletik martxora %18ko jaitsiera izan baitzuen fakturazioan, eta %12koa urtarriletik ekainera.

CAFen eskaera zorroak 8.464 milioi euro ditu, hau da, iazko ekitaldian baino %10 gutxiago.

Castejongo plantaren etorkizuna

Kontratazio berriei dagokienez, 835 milioiko eskariak lortu zituen urtarriletik irailera bitartean: horietatik 353 milioi, trenen alorrekoak, eta gainerako 482 milioiak, autobusenak.

Urtea amaitu baino lehen edo 2021eko lehen hilabeteetan Renfek zenbait kontratu garrantzitsu esleitzearen zain dago Euskal Herriko multinazionala. Neurri handi batean horien mende egongo litzateke Trenasaren Castejongo (Nafarroa) lantegiaren bideragarritasuna. Gainera, Mexiko Hiriko garraio zerbitzuan ia 2.000 milioi euroko proiektu batengatik lehiatuko da Txinako enpresa batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.