Nafarroako ostalariek manifestazioa egingo dute igandean

«Europako beste herrialdeetako moduko laguntzak» eskatu dituzte. Herri eta auzoetan ere mobilizatzeko deia egin dute.

Ostegun honetan gobernuaren egoitzaren aurrean ostalariek egin duten elkarretaratzea. JESUS DIGES (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 12a
13:39
Entzun

Hiru aste joan dira Nafarroako Gobernuak taberna eta jatetxeak ixtea agindu zuenetik, eta lokal horien jabe eta langileen ezinegona handituz joan da egunetik egunera. Azaroaren 18ra arteko epea dute oraingo murrizketek, baina ziur dira horiek guztiek edo gehienek denbora luzez iraungo dutela. Horiek hala, gobernuari eskatu diote ziurgabetasun horri erantzun bat emateko plan «errealista» baten bidez, eta gutxienez debeku guztiak kendu arte. Uste dute gobernuak agindutako 10 milioi euroak ez direla aski, eta diru laguntza zuzenez gain, beste hainbat neurri galdegin dituzte.

«Ikusi da gu ez garela egoera honen errudunak, baina pagaburuak gara. Sektorea erreskatatzea eskatzen dugu», adierazi du Natalia Ecayk, ostalaritzako enpresa txikien elkarteko kideak. Ecayk ohartarazi duenez, negozioek itxita eta diru sarrerarik gabe jarraitzen badute, ezin izango diete lantaldeei eutsi.

Dozenaka ostalarik elkarretaratzea egin dute ostegun honetan gobernuaren egoitzaren aurrean, erakundeetara bidaltzen ari diren manifestuaren berri emateko. Adierazi dute «Europako beste herrialde batzuetako baldintza berberetan» jaso nahi dituztela laguntzak. Horrekin batera, «indarrak batzeko» deia egin diete sektoreko profesionalei, haien aldarriak erakundeetan «entzun daitezen». Horren harira, manifestazioa egingo dute Iruñean igandean, 12:00etan, Sarasate pasealekutik abiatuta. Horrez gain, «auzoz auzo eta herriz herri» mobilizatzera deitu dute. Astelehenean, berriz, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin eta Manu Aierdi Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Kontseilariarekin bilduko dira. 

Aurreko astean gobernuak konpromisoa hartu zuen iragarritako 10 milioiei beste neurri batzuk gehitzeko, sektoreari buruz egiten ari den azterketan oinarrituz. Atzo gogoratu zuenez, orain arte 27 milioi erabili ditu  diru laguntza zuzen eta zeharkakoetan, bost milioi sektoreko autonomoentzako laguntzetan, eta 12,6 milioi maileguetan. Pandemiaren hasieran premiazko neurri fiskal batzuk ere hartu zituen, besteak beste, urteko lehen eta bigarren hiruhilekoetan autonomoentzako PFEZaren ordainketa zatikatuak etetea eta zerga zorren ordainketak etetea eta luzatzea.

Eskaera zehatzak

Nafarroan 4.800 ostatu daudela gogoratu dute elkarteetako kideek. Besteak beste, eskatu dute enplegua erregulatzeko espedienteetara atxikitako langileek nominaren %100 jasotzea eta autonomoen laguntza %100era handitzea, eta, horrekin batera, alokairuen eta maileguen ordainketak geldiaraztea eta osasun krisiak irauten duen bitartean energia kontratuak berrikustea eta zergen igoera saihestea.

Udalei «malgutasuna» eskatu diete terrazetarako lizentziak emateko orduan, eta irizpide bera ezartzeko horien erabilerarako eta ordutegietarako. Era berean, gaur egun gauez bakarrik lan egin dezaketen lokalen lizentziak aldi baterako aldatzeko aukera erraztea galdegin dute. Eta mankomunitateei eskatu diete zorrak barkatzeko itxierek irauten duten bitartean.

Horrekin guztiarekin batera, administrazioei dei egin diete edozein erabaki «behar besteko denboraz» jakinarazteko, «beharrezko lan plangintzak egin ahal izateko eta generoaren galera murrizteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.