Parisek esan du konfinamenduak bere horretan jarraituko duela

Ipar Euskal Herriak orain dela bi aste ezarritako arauen pean jarraitu beharko du oraindik ere, beste bi astean behintzat

Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko azaroaren 12a
19:11
Entzun

Jean Castex Frantziako lehen ministroak prentsaren aurreko agerraldia egin du gaur arratsaldean; hamabost egun dira konfinamendua ezarri zutenetik, eta neurriek bere horretan jarraituko dutela esan du. Ipar Euskal Herrian, beraz, konfinamendu neurri zorrotzekin jarraituko dute. Frantziako Gobernuko hainbat agintarirekin batera egin du agerraldia, eta orain arte hartutako neurrien «koherentzia» defendatu du.«Arduragabea litzateke konfinamendua arintzea orain», argudiatu du. Hamabost egunez segituko dute neurriek: dendek eta ostatuek hetsirik segitu beharko dute, beraz.

Langabezia saria ukaiteko eskubidea bukatzen ari zaienei, luzatuko dietela iragarri du Castexek; konfinamenduak irauten duen bitarterako neurria izango da. Bide batez, konfinamendua errespetatzen ez dutenak zigortzeko kontrolak areagotzeko eskatu dio Castexek, Gerald Darmanin Frantziako Gobernuko Barne minsitroari. Horretarako, halaber, polizia gehiago ezartzea galdegin dio.

Suspertze zerbitzuan ospitaleratuak diren paziente kopuruak behera egiten badu datorren astean, denda batzuk irekitzeko erabakia hartuko du Frantziako Gobernuak. Hemendik bi astera hartuko lukete erabakia, ahal izanez gero. Ostatuak berriz, «epe luzeago baterako» hetsiak izanen direla gehitu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.