AEB-etako hauteskundeak

Trump ez da hauteskundeen emaitzaz mintzatu jendaurreko lehen agerraldian

Hauteskundeak egin eta hamar egunera prentsaurreko bat eman du, Etxe Zurian. «Zeinek daki zein administrazio izango den etorkizunean? Denborak esango du», adierazi du, COVID-19ari aurre egiteko asmoez hitz egiten ari zela.

Donald Trump, gaur, Etxe Zurian egi duen agerraldian. CHRIS KLEPONIS / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko azaroaren 13a
09:48
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak lehenengo agerraldia egin du presidentetzarako hauteskundeak egin zirenetik. Hamar egun igaro dira. Etxe Zurian prentsaurreko bat eman du, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko gobernuak dituen asmoez. Joe Biden hautagai demokrataren garaipena onartuko duen ala ez, ez du argitu. «Administrazio honek ez du itxialdirik egingo. Etorkizunean gertatzen dena gertatzen dela ere —zeinek daki zein administrazio izango den etorkizunean? Denborak esango du—, administrazio honek ez duela itxialdirik egingo esan diezazuket». Adierazpen horiek izan dira erreferentziarik argiena hauteskunde ondorengo panoramari. 

Kostata, baina ari dira heltzen AEBetako hauteskundeetako azken emaitzak. Gaur jakin da Arizonako emaitza: Joe Biden AEBetako presidente berria izango dena gailendu da han ere, eta demokratak izango dira Arizonako 11 ordezkariak. Larri gailendu da Biden, 0,36 puntuko aldearekin, hau da, 11.000 botogatik —3,3 milioi lagunek bozkatu dute Arizonan—.

Komunikabide batzuek hauteskunde gauen bertan eman zioten Arizona Bideni, baina, bi hautagaien arteko tarte txikia zela eta, ez izan da emaitza baieztatu gaur arte. Orain, Arizonako 11 ordezkariekin, 290 ditu Bidenek; joan den igandean eskuratu zituen presidente izateko beharrezkoak diren 270ak. 

Oraindik badira behin betiko emaitzak eman ez dituzten estatu batzuk. Georgian ere demokrata gailenduko dela dirudi, tartea —Arizonan bezala— oso txikia den arren: 0,29 puntukoa, 12.000 botokoa. Ipar Karolina, ordea, Donald Trumpentzat izango dela dirudi, %1,3ko aldea baitu bere alde. Gauzak hala, eta aurreikuspenetan oinarrituta, 306 ordezkarirekin amaituko luke Bidenek, eta 232rekin Trumpek.

Estatu errepublikanoa 

1996tik Arizonan gailendu den lehen demokrata bilakatu da Biden. Orduan Bill Clintonek eskuratu zuen garaipena, baina, datuek erakusten duten moduan, salbuespena izan zen: Clintonen aurretik, Harry Truman zen Arizonan gailendu zen azken hautagai demokrata, 1948an.

Bi dira, nagusiki, Bidenek Arizonan irabazi izana azaltzen duten arrazoiak. Batetik, azken urteetan demokratek estatuan egin duten lana Mexikotik joandako etorkinekin, haiek erregistratuz eta politikara gerturatuz; gaur egun, Arizonan bozka dezaketenen %23 jatorri latinoamerikarrekoak dira, 1,2 milioi lagun. 

Horrez gain, Arizonan indarra hartu dute Bidenen alde egin duten errepublikanoek. John McCain senataria politikari maitatua da han, eta Trumpek hari zuzendutako irainek errepublikanoen zati bat bere aurka jartzea eragin zuten. Kanpaina osoan ikusi ahal izan dira «errepublikanoak Bidenekin» zioten kartelak estatuan zehar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.