Zerga politika

Bizkaian kenkariak izango dira garapen jasangarriarekin lerrokatutako enpresentzat

Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarriko Helburuekin bateratutako munduko lehen zerga sistema izan nahi du Bizkaiko Aldundiak, eta Mariana Mazzucatoren IIPP institutuarekin ari da proiektua lantzen. Lehen zerga egokitzapena maiatzerako onetsita eduki nahi du Unai Rementeriak. 

Mariana Mazzucato, Unai Rementeria eta Jose Maria Iruarrizaga, gaurko aurkezpenean. BIZKAIKO ALDUNDIA
Irune Lasa.
2020ko azaroaren 13a
13:05
Entzun

Bizkaiak zergak egokitu eta pizgarriak eskainiko dizkie NBEren Garapen Jasangarri Helburuen alde jarduten duten zergadunei. Lehen egokitzapenean onura horiek batez ere enpresentzat izango direla aitortu du Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak, haiek direlako, neurri handi batean, halako inbertsioak egin ditzaketenak. Hala, garapen jasangarriko helburuekin bat aritzen diren enpresek kenkariak izango dituzte sozietate zergan.

Rementeriak gaur azaldu du nola hasi duten tributuen araudia moldatzeko prozedura. Maiatzerako onetsita egotea nahi duten moldaketarekin, pizgarri horiek atzerako eragina izango lukete, 2021. urte hasiera arte. Berez, asmoa da zergaren zenbatekoa ezartzerakoan garrantzia izan dezaketen elementu guztietan egitea aldaketak; zerga egitatearen definizioan, zerga oinarriaren edo likidagarria eratzerakoan, salbuespenetan, hobarietan, kenkarietan... Ez da zerga erreforma bat izango, Rementeriak azaldu baitu aspalditik iragarritako «erreforma hori ondoren» etorriko dela.

Rementeriarekin eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuarekin batera, gaurko aurkezpenean egon da Mariana Mazzucato ekonomista, Londrestik egindako bideokonferentzia baten bidez. Ekonomista italiar hori Londresko University Collegeko IIPP Institute for Innovation and Public Purpose institutuaren sortzaile eta burua da, eta ezaguna da, besteak beste, bere The entrepeneurial state liburuarengatik (Estatu ekintzailea). Bizkaiko Aldundiak hitzarmena dauka IIPP institutuarekin, garapen jasangarrirako helburuekin lerrokatuko litzatekeen munduko lehen zerga sistema abiatzeko.

Administrazio politikoaren, arlo pribatuaren eta gizartearen arteko elkarrekintzatik sortzen den balio publikoaren garrantzian eta estatuak berrikuntzan joka dezakeen rola aztertzen jarduten da lanean Mazzucatoren taldea. Gaur azaldu duenez, hain zuzen, «zerga politika erreminta egokia izan daiteke enpresak jasangarritasunera erakartzeko». Mazzucatoren aburuz, bide horretan doazen enpresak «saritzea» modu bat da ekonomia jasangarritasunerantz bideratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.