Albistea entzun

Euskaraldia

Euskara, laneko hizkuntza nagusia

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Planaren helburu nagusietako bat da euskara laneko hizkuntza nagusia izatea.

Markel Olano diputatu nagusia, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak eta Intxaurrondoko eta Donostiako eragileak, urtarrilean egindako aurkezpen ekitaldian.
Markel Olano diputatu nagusia, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak eta Intxaurrondoko eta Donostiako eragileak, urtarrilean egindako aurkezpen ekitaldian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Planaren helburu nagusietako bat da euskara laneko hizkuntza nagusia bilakatzea. GIpuzkoako Foru Aldundiko langileen ezagutza maila oso handia da gaur egun, langileen %90ek baino gehiagok hizkuntza eskakizunak ziurtatu baititu. Ondorioz, lan harremanak gero eta gehiago euskaraz izan daitezen eta euskara lan tresna nagusi bilakatu dadin ari dira lanean.

Ahalegin horretan, Euskaraldia aukera bat da lantaldeetan gogoeta egin eta hizkuntza ohiturak berrikusteko eta egokitzeko. Guztira, 190 arigune sortu dira Gipuzkoako Foru Aldundian, eta 1.140 langilek parte hartuko dute dinamikan. Horrek esan nahi du langileen erdiak baino gehiagok parte hartuko duela ariguneetan. Ariguneekin lanketa bat egin da, bakoitzak bere helburuak ezar ditzan, eta, horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak web mintegiak antolatu ditu langileek Euskaraldiko dinamikak ongi ezagutu ditzaten.

Ariguneen sorrera eta dinamizazioa

Bigarren Euskaraldian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasuna da ariguneen sorrera eta dinamizazioa, euskarak jauzi bat egin dezan Aldundiko langileen artean lan hizkuntza gisa. Halaber, pandemia dela eta, ekitaldi jendetsuak ekiditeko irizpidea ere hasieratik ezarri dituzte.

Horrela, iaz hasi ziren bigarren Euskaraldirako prestakuntza lanetan parte hartzen. Hain zuzen ere, Donostiako Intxaurrondo auzoan egin zen ariguneen pilotatzean parte hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gizarte Politiketako departamentuaren bitartez. Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon lelopean, azaroaren 22tik abenduaren 3ra burutu zen ekimena eta, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariez gain, bizilagunek eta Intxaurrondon kokatuta dauden hamalau entitatek parte hartu zuten. Pilotatze horretatik aurtengo Euskaraldirako baliagarria izango den informazioa jaso zen.

Pilotajearen balantzea egin zen urte hasieran Donostian, eta ekitaldian Markel Olano diputatu nagusiak Aldundiaren konpromisoa berretsi zuen Euskaraldiaren antolakuntzarekin. Bigarren Euskaraldian, norbanakoek ez ezik, entitateek ere parte har dezaten lortu nahi da, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak hartuz.

Horrela, entitateei eskatu zaie haien barruan ariguneak identifikatzeko eta sortzeko, euskara erabiltzeko espazio edo guneak. Bi motatako ariguneak: barne funtzionamenduko guneak (entitate barruko taldeak) eta kanpo harremanetarako guneak (herritarrekiko harreman espazioak).

Dena den, ekitaldian azpimarratu zuten kantitateari baino gehiago kalitateari erreparatu nahi diotela, «Arigune asko sortu baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu sorturiko ariguneak hizkuntza ohiturak aldatzeko baliabide sendoak izatea eta, ariketaren ostean ere, hizkuntza ohitura berriak mantendu eta euskarari eusteko tresna egokiak izatea».

Euskaraldira begirako barneko antolakuntza lanei, berriz, otsailean ekin zioten Gipuzkoako Foru Aldundian, ariguneak sortzen eta martxan jartzen, eta langileak ahobizi eta belarriprest gisa izena ematen hasi ziren. Eider Mendoza bozeramailearen hitzetan, Euskaraldiaren helburuak eta filosofia bat datoz Gipuzkoako Foru Aldundiak aldezten duen estrategiarekin: «Gure erakundeak Euskaraldian modu aktiboan hartuko du parte, Gipuzkoan erakunde erreferentea izateko erantzukizuna baitaukagu».

Euskaraldiaren prestakuntza lanen inguruan hitz egiteko eta Aldundiaren baitan martxan jarritako prestakuntzaren azken ordua partekatzeko, Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariekin bildu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, ekainaren 17an. «Euskarak lan esparruan jauzi esanguratsu bat egiteko baldintzak dauzkagu, azken hamarkadetan euskararen ezagutzak eman duen aurrerapausoari esker; horretarako unea da eta, zalantzarik gabe, Euskaraldiak bide horretan aukera ederra eskainiko digu», esan zuen Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, bileraren ostean.

Topagunearekin elkarlanean dinamizatua, Aldundiak eta Gipuzkoako gainerako erakunde nagusiek Gipuzkoa Berdinago komunikazio kanpaina egin dute, Euskaraldian parte hartzea sustatzeko. 19 erakunde eta enpresa parte hartzen ari dira Gipuzkoa Berdinago egitasmoan. Eragile horiek Gipuzkoan duten erreferentzialtasunaz baliatuta, Euskaraldiari eta euskararen erabilerari bultzada eman nahi izan diote jendaurrean. Honako hauek dira Gipuzkoa Berdinago egitasmoan parte hartzen duten 19 eragile erreferentzialak: Gipuzkoako Foru Aldundia, Adegi, Basque Culinary Center, Bera Bera, CAF, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA, Eibar SD, Euskal Herriko Unibertsitatea, Fagor, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Laboral Kutxa, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia eta Real Sociedad.

Nerabeen parte hartzea

Aurreko Euskaraldiari lotuta, nerabeen partaidetzari buruzko ikerketa aurkeztu zen irailaren 28an. Lasarte-Orian egin zen ikerketa. Izan ere, Lasarte-Orian, 2016an, 40 egun euskaraz egitasmoa bideratu zen, eta hor erabili ziren lehenengo aldiz ahobizi eta belarriprest figurak. Hori izan zen 2018an Euskal Herri osoan Euskaraldia abian jartzeko oinarri nagusietako bat.

Ikerketa hori liburu batean jaso da, eta proiektuaren bultzatzaileak dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Lasarte-Oriako Udala, Oriarte institutua, Ttakun kultur elkartea eta Ebete zerbitzuak. Proiektuaren abiapuntuan galdera nagusi bat egon da: Eraginkorra al da ahobizi/belarriprest diseinua nerabeen hizkuntza ohituretan aldaketak eragiteko? Emaitza nagusietako batzuk hauek izan dira:

• Euskaraldiak erabileran eragina izan zuen, bereziki biko harremanetan.

• Ohikoa baino euskara askoz gehiago erabili zutenak %30 ere izan ziren.

• Gazteen iritziz, lorpen berriek iraun egingo dute.

Abbadia saria

Aurtengo Abbadia saria Euskaraldiari lotuta izango da. Pello Jauregi Etxaniz irakasle eta ikerlari donostiarrak jasoko du. Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsonen edo elkarteen jarduna saritzeko.

Azkenik, Euskaraldira begira, langileen partaidetza zabala irudikatu eta ezagutarazteko egitasmo bat prestatzeko lanean ari dira Gipuzkoako Foru Aldundian.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.gipuzkoa.eus.

Albiste gehiago

Oreka IT enpresa aurten ere Euskaraldian parte hartzen ari da. ©OREKA IT

Aholkularitza zerbitzuak, euskaraz

Oreka IT

Aholkularitza lanetan aritzen den Oreka IT enpresa Euskaraldian parte hartzen ari da, eta, guztira, 6 arigune sortu dira.

Sibari Republic goi-mailako kosmetika markako seruma bilatuenetariko bat bihurtu da bere eraginkortasun handiagatik. ©SIBARI REPUBLIC

Zimurrak 4 astean murrizten dituen Euskal seruma Donostiara heldu da

Sibari Republic

Sibari Republic goi-mailako kosmetika markako serum ospetsua erdi prezioan aurkitu ahalko da Donostian eta Bilbon abenduaren 10era arte.

RPK enpresa-talde kooperatiboak Euskaraldiarekin bat egiten du. Irudian, Euskara Batzordeko kideak. ©RPK

Euskararen erabilera sustatzen

RPK

RPK enpresa-talde kooperatiboak euskararen erabilera bultzatzen du. Euskaraldirako, zenbait arigune sortu ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Gipuzkoako Foru Aldundia