Next Generation

Sanchez: «Helburua ez da soilik altxatzea, ekonomia sakon eraldatzea baizik»

Nafarroara egindako bisitan, Espainiako gobernuburuak nabarmendu du «lehenbailehen» baliatzen hasi behar dela Europako dirua, eta urtero BGParen %2,5eko hazkunde gehigarria eragin

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. JESUS
2020ko azaroaren 13a
15:13
Entzun

Behe lainoaren ondorioz, Pedro Sanchezek ezin izan du Noaingo aireportuan lur hartu, eta Hondarribiraino joan da. Horrenbestez, Iruñeko bisita ordubete beranduago hasi da, baina Espainiako gobernuburuak ez du denbora galdu, ordubete pasako hitzaldia egin baitu Baluarte jauregian. Europako Next Generation plana «erantzun historikotzat» jo du, eta euroa sortzearen pare jarri du: «Ez da susperraldi plan huts bat: gure historiako planik anbiziotsuena da», Dena den, haren esanetan, gizarteak ez du konformatu behar abiapuntura itzultzearekin, pandemia aurreko egoerara itzultzearekin: «Helburua ez da soilik aldatzea, ekonomia sakon eraldatzea baizik».

Bere lehen hitzetan, Miguel Torres izan du gogoan, duela egun gutxi hil zen enpresaburu nafarra, MTorres taldearen sortzailea; haren adibidea erabili du «ametsak errealitate» egin daitezkeela aldarrikatzeko eta balio horiek aurrean diren zailtasun eta erronken pare jartzeko. Espainia mailako diskurtsoa izan arren, Nafarroari etengabe egin dizkio aipamenak Sanchezek. Europako planaren nondik norakoak aurkezten dabil egunotan, eta datozen asteetan bilduko da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin.

Pandemiaren kudeaketan Madrilek erkidegoekin eta udalen federazioarekin egin duen kudeaketa partekatua nabarmendu du, eta gogoaratu du alarma egoerak sei hilabete irautea ez dela halabeharrezko zertzelada. «Adituek diote pandemiaren garai okerrena pasatua izango dela ordurako. Aste honetan bertan txertoen inguruan izandako berriek iradokitzen digute normaltasuna itzuliko dela». Halaber iragarri du barruko mediku egoiliarren, erizainen eta farmazia arloko langileen 10.001 lanpostu aterako dituztela —ikusteko dago iragarpen horrek Hego Euskal Herrian eragingo ote duen eta zenbateraino— .

Halaber, Sanchez pozik azaldu da ostegun arratsaldean atzera bota zirelako Espainiako 2021eko estatuko aurrekontu orokorren lege proiektuaren gaineko osoko zuzenketak. «Inoiz ez bezalako urrats bat» dela nabarmendu du, iraganera edo etorkizunera begiratzearen artean bigarrenaren alde egin delako. Bi urteko blokeoaren ostean, espero du abendu amaierarako onartzea eta jarraian ekonomia eraldatzeko erronkari «lehenbailehen» heltzea, deialdien bidez. «Ez dago denborarik galtzeko»

Next Generation planak ahalegin berezia eskatuko die administrazioei kudeaketa arloan, eta, laguntzen tramitazioa azkartzeko, hainbat lege aldatzeko asmoa iragarri du Sanchezek —hala nola kontratazio publikoarena, diru laguntza publikoena, sektore publikoaren erregimen juridikoarena...—. Nabarmendu du oztopoak gainditu eta kudeaketa «eraginkor eta gardenagoa» egin behar dela.

Datu handiak eman ditu. Ezagun den legez, EBk 140.000 milioi euro banatuko dizkio Espainiari, 72.000 transferentzia zuzen bidez eta gainerakoak mailegu bidez —horri erantsi behar zaizkio Nekazaritza Politika Bateratuko funtsak eta aurretik programatuta direnak—. Erreferentzia gisa, gogorarazi du 90eko hamarkadan EBk sei urtean banatutako egiturazko funtsak 8.000 milioi eurokorenak izan zirela. Ez du aurreratu Nafarroara zenbat helduko den, baina, urriaren 26an egindako bilera telematikoan, azaldu zuen erkidegoek kudeatuko dutela 2021erako egokitutako 27.000 milioietatik «%50 baino gehiago».

Eraldaketa horretan, lehen helburua trantsizio ekologikoa bultzatzea da, eta etorkizunera begirako helburuak aurreratzeko asmoa azaldu du. Adibidez, 2030erako 5 milioi ibilgailu elektriko izatea nahi dute, eta, horretarako, 100.000 kargaleku jartzeko asmoa du; 2050erako, berriz, energia ekoizpen guztiak berriztagarrien bidezkoak izateko helburua aipatu du. 

Beste erronka batzuen artean aipatu du digitalizazioa, berdintasunean sexuen arloko arrakala gainditzea, hezkuntzan inbertsioa nabarmen handitzea (planaren bost bat eremu horretara bideratzeko asmoa agertu du), eta enplegu politika aktiboetan erreformak egitea. Datu handiak eman ditu, eta nabarmendu du Next Generation planaren bidez «milaka, milaka eta milaka» enplegu sor daitezkeela, eta barne produktu gordinean %2,5eko hazkunde gehigarria eragin. Erronka horiei begira Nafarroa toki onean dagoela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.