Kaleratzeak

Mercedesek kaleratzeei eutsiko die, aldi baterako erregulazioa baztertuta

Aldi baterakoei eragingo lieke neurriak; sindikatuen arabera, bostehun ingururi. Martxoan sinatutako akordioa ez betetzea leporatu diote

Goizeko lan txandako langile batzuk, lantegira sartzen. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 13a
16:53
Entzun

Autogintzara ere iristen ari da COVID-19aren bigarren olatua, eta, udaberrian egin zuten bezala, enpresa batzuetan hasi dira neurriak hartzen lan kargan eta logistikan dituzten arazoengatik. Euskal Herrian langile gehien dituzten bi lantegien kasua da hori: Gasteizko Mercedesena eta Iruñeko Volkswagenena. Aurrenekoak berretsi du behin-behineko langileak kaleratzeko asmoa duela. Hala jakinarazi du langileen batzordeak. Horren ordez, sindikatuek aldi baterako erregulazioa egiteko eskatu diote, baina, azaldu dutenez, aukera hori baztertu egin du. Hori hala, pandemiaren hasieran hartutako konpromisoak ez betetzea leporatu diote zuzendaritzari. Bere irizpideak eta erabakiak inposatzea eta «mehatxua tresna nagusi gisa» erabiltzea egotzi diote.

Alemaniako multinazionalak asteartean iragarri zituen kaleratzeak, baina ez zuen zehaztu zenbat langileri eragingo zien neurriak. Sindikatuen arabera, 500 inguru izango lirateke. Lantegiak 5.000 behargin ditu. Enpresak azaldu duenez, 2021eko lehen hiruhilekoan ekoizpen erritmoa murriztuko du, «ahal den neurrian enplegurako neurri zorrotzagoak saihesteko». Azaldu du «desoreka handia» dagoela ekoizpen gaitasunaren eta eskariaren artean, eta hori zuzentzeko egungo hiru txandetako baten lan erritmoa murriztuko duela, datorren urtean 131.500 furgoneta egiteko helburuarekin. 

Sindikatuek gogorarazi dutenez, martxoan enpresak akordio bat sinatu zuen enpresa batzordearekin, pandemiagatik aldi baterako erregulaziorako beste espediente batera joko balu aurrekoaren baldintza berberetan egingo zuela bermatzeko. «Enpresak erabaki du bere konpromisoa ez betetzea, seguruenik errentagarriagoa delako behin-behinekoen kolektiboa kalean uztea langile guztiei 10 eguneko erregulazio espedientea aplikatzea baino, bete gabeko akordioak dioen bezala soldata gordinaren % 80 konpentsatuz», salatu du.

Arazoak Landabenen

Nafarroako Volkwagenek, berriz, jakinarazi du enplegua erregulatzeko espedientea berriro aplikatzea aurreikusten duela, piezen hornikuntzan izaten ari den arazoengatik. Sindikatuetako iturrien arabera, baliteke Landabengo lantegiko zuzendaritza hilabete honetatik aurrera hastea egun batzuetan lan txanda batzuk kentzen, baina oraindik ez du zehaztu zenbat denboraz izan daitekeen eta zenbat langileri eragingo liekeen neurriak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.