Euskaraldia

Euskararen erabilera sustatzen

Domusa Teknik kooperatiba euskararen erabilera sustatzen ari da langileen artean, motibazioa eta ezagutza indartzen.

Domusa Teknik kooperatibako lantaldea 2018ko Euskaraldian. DOMUSA TEKNIK
2020ko azaroaren 17a
09:22
Entzun

Domusa Teknik kooperatibaren jarduera nagusia berotze sistemen ekoizpena da. Bere lan jardueran bezala, euskalduntzearen arloan ere aurrerapausoak ematen ari da, euskararen erabilera sustatzen langileen artean.

Domusa Teknikeko langileen euskararen ezagutza maila oso altua da; izan ere, lantegia Urola bailararen erdian dago, Errezilen, hain zuzen, eta langile gehienak Errezilgoak bertakoak, Azpeitikoak edo Azkoitikoak dira. Dena den, euskararen erabileran hobetzeko, eta euskarari protagonismo handiagoa emateko, 2013an euskara plana abian jarri zuten. Urte horretan, egoeraren diagnostikoa egin zen, eta euskararen erabileran eragiteko hurrengo urteetarako helburuak eta ekintzak zehaztu ziren.
 
Horrela, Domusa Teknikeko euskara planaren misioa adostu zen: barne harremanetan, lankideek euskaraz lan egiteko duten gaitasuna bultzatu eta euskararen erabilera sustatzea, motibazioa eta ezagutza indartuz. Halaber, kanpo harremanetan euskaraz egiteko aukera ematea.

Egiteko hori lortzeko helburuak gauzatzeko, Domusa Teknikeko Euskara Batzordea sortu zen, eta Euskara Batzordea da, Emun (www.emun.eus) kooperatibako euskara teknikariarekin batera, motibazioa, ezagutza, erabilera eta erakundetze arloko urteko helburuak zehaztu, gauzatzeko ardura hartu eta jarraipena egiten duena.

Euskara planaren datuak

Euskara Planak agertu dituen egungo egoerari buruzko datu batzuk:
Indarguneak. Euskara planaren indarguneak hauek dira:
• Ezagutza maila eta ahozko erabilera altua egunerokotasunean.
• Kolektiboaren aldetik euskara planarekiko leialtasun handia.
Lorpenak. Honako hauek dira Lorpen nagusiak:
• Hizkuntza irizpideak onartuta daude eta jarraipena egiten zaie.
• Euskara plana Domusa Teknikeko Gestio Planean txertatuta, jarraipena Zuzendaritza Taldeak eta Kontseilu Errektoreak egiten diote.
• Lanpostuetarako euskara ezagutza maila definituta dago.
• Kolektiboaren sentsibilizazioa euskararekiko eta orain arte egindako lanarekiko.
Erronkak. Egungo erronkak dira:
• Hizkuntza irizpideak barneratu.
• Sortze hizkuntza maila handitu.
• Dokumentazio teknikoa euskaratu eta euskara hutsezko kanalak sortu
• Barne formazioa euskaraz izatea bultzatu
Adierazleak. Esanguratsuak diren adierazle batzuk:
• Elebitasun tasa: %89.
• Ahozko erabilera: 2018an egindako ahozko neurketen arabera, elkarrizketen %67 euskaraz dira, eta %87ko leialtasuna dago (euskaldunen artean euskaraz egindako elkarrizketak).
• Bileretako euskararen erabilera (2018ko datuak): batzar nagusian euskaraz ahoz %19, guztira %31 (ahoz, idatziz, ppt gisako aurkezpen artxiboen bidez); eta hitzaldi informatiboak euskaraz ahoz %1, guztira %23 (ahoz, idatziz, ppt gisako aurkezpen artxiboen bidez) .

Euskaraldia

Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea xede duen bigarren Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, eta bi ardatz nagusi hauek izango ditu: herritarren arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera hazteko neurriak bultzatzea.

Euskaraldiak, belarriprestei eta ahobizieiproposatuko die hamabost egunetan, haien egunerokoan egin dezaten ariketa.

Domusa Teknik kooperatibak Euskaraldiarekin bat egiten duela jakinarazi du Domusa Teknikeko Euskara Batzordeak: «Domusa Teknikek ekarpena egin nahi dio euskararen normalizazio prozesuari. Bide horretan, gure kooperatiban euskaraz lan egitea ohikoa eta barneratua izatea dugu helburu, erakunde moduan, kolektibo moduan eta norbanako moduan dugun konpromisoan oinarrituta».

Euskara langileen arteko zubia izatea nahi dute. «Horregatik, Domusa Teknikek bat egiten du Euskaraldia ekimenarekin eta guztiak animatzen ditugu belarriprest eta ahobizi izatera.

Berrikuntza eta ikerketa

Domusa Tekniken jarduera nagusia berotze-sistemen ekoizpena izan da betidanik. Hala ere, merkatuaren eta gizartearen eraldaketa ikusita, 2005 urtean hartu zuen energia berriztagarrietara dibertsifikatzeko erabakia eta hor hasi zuen bai eguzki-energiara, biomasazko galdaretara edota bero-ponpetara bidean egindako ibilbidea. Azken urteotan berrikuntzan eta ikerketan egindako ahaleginaren fruituak dira merkaturatutako hainbat produktu berritzaile.

Domusa Tekniken merkatu nagusia Espainiako estatua bada ere, produktu aniztasunari eta batez ere, ekoizpenean duen malgutasunari esker, beste herrialde askotara zabaltzeko aukera izan du. Horrela, I+G (ikerketa eta garapena) sailak produktuak moldatzen egin duen lanari esker, 22 herrialdetara esportatzen ditu bere produktuak. Hala ere, Domusa Tekniken merkatu nagusia Europako herrialdeetan dago.

Gaur egun Domusa Tekniken egoitza Errezilen baldin badago ere, sorrera Azpeitian izan zuen, 1976. urtean. Enpresa pixkanaka haziz joan zen, eta 1982. urtean, Sozietate Anonimo izateari utzi, eta Domusa S.A.L. bihurtu zen, 13 bazkiderekin.

Hala ere, Domusa Tekniken historian benetako inflexio puntua 1999an eman zen, kooperatiba sortu eta langileek enpresaren jabetza hartu zutenean. Handik aurrera, internazionalizazioaren, kalitatearen, I+G arloaren, berrikuntzaren eta bikaintasunaren alde egindako apustuari esker, hazkunde handia izan du Domusa Teknikek. Gaur egun, Mondragon kooperatiba taldeko kide da, eta batez beste 200 lagun inguru ari dira bertan lanean.

Kooperatiba den heinean, bere irabazien zati bat gizarteari itzultzeko betebeharra dauka, eta Domusa Teknik Errezilen kokatuta dagoenez, bere erreferentziazko ingurune soziala Errezilgo herria eta Urola bailara dira. Besteak beste, bertako kirol eta kultur ekintzen sustapenaz gain, euskararen normalizazioaren alde diharduten ekintzen sustapena edota Gobernuz Kanpoko Erakundeak, gizarte eragileak nahiz fundazioak laguntzeko bideratzen da urtero irabazien zati bat.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.domusateknik.com.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.