Bera Bera 27 - 27 Zvezda

Errusian erabakiko da

Super Amara Bera Berak berdindu egin du (27-27) Zvezda indartsuaren aurka, EHLko multzokako fasearen aurreko azken kanporaketan. Azken unean berdindu zuten donostiarrek, eta itzulerako norgehiagokan erabakiko da nor sailkatuko den.

Cardoso atera jaurtitzen Guardesen aurkako ligako neurketan, Gaskan (Donostia). GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko azaroaren 16a
10:58
Entzun

Dena zabalik geratu da. Super Amara Bera Berak kanporaketa bat gehiago gainditu behar du EHLko multzokako faserako sailkatzeko, eta atzo jokatu zuen joaneko partida Zvezda errusiarraren aurka. Lehia estua izan zen: donostiarrak bi gol aurretik ziren (26-24) bi minutu falta zirela, baina azkenean gertuago izan zuten porrota garaipena baino. Zvezdak hiru gol sartu zituen jarraian, eta Cardosok azken unean sartutako gol ikusgarri bati esker eskuratu zuen berdinketa Bera Berak.

Zvezdaren aldeko errenta txikiekin hasi zen norgehiagoka (1-3), baina Bera Berak azkar hartu zuen aurrea, eta, errusiarrak batzuetan gainetik ibili ziren arren (12-14), etxekoak aurretik iritsi ziren atsedenaldira (16-15). Zvezdak bi minutuko hainbat kaleratze jasan zituen, eta hala-hola eutsi zieten donostiarrei. Zvezdako entrenatzailea ez zegoen pozik epaileen lanarekin, eta, azkenean, txartel gorriarekin amaitu zuen partida.

Bi taldeetako eskuin hegalekoak nabarmendu ziren, bai euren txokotik, baita 7 metroetatik ere: Bera Berako Cardosok zortzi gol sartu zituen (sei zazpi metroetatik), eta Zvezdako Murzalievak bost, haietatik hiru penaltiz. Eurak izan ziren golegile nagusiak. Hasieratik erritmo azkarrean jokatu nahi izan zuen lehia Bera Berak, eta une batzuetan erabaki okerrak hartzera eraman zuen horrek Imanol Alvarezen taldea. Defentsan, ordea, lan ona egin zuten.

Bigarren zatiko gidoia antzekoa izan zen. Lehen zati ona egin zuen Bera Berako Alice atezainak (10 geldiketa), baina Arruda brasildarra zelaira sartzea bizigarria izan zen taldearentzat. Haren geldiketei eta defentsa lan onari esker, hiru goleko errenta eskuratzeko aukerak ere izan zituzten donostiarrek. Eurek ere ez zuten, ordea, gehiegi asmatu ate aurrean, eta hala heldu zen norgehiagoka azken bost minutuetara. Errusiarrak hobeak izan ziren abagune erabakigarrian, eta, Cardosoren azken golari esker, berdinketa eskuratu zuten, ozta-ozta.

Bera Berak Chekoven lortu beharko du multzokako faserako aukera, Moskutik 75 kilometrora dagoen hirian. 

Super Amara Bera Bera: Alice (10 geldiketa, gol 1) eta Arruda (5 geldiketa); Cardoso (8, 6 p.), Menendez (1), Teres (1), Pizzo (1), Arrojeria (2), Gil (2), Fernandes (1), Hernandez (4), Cavo (2), O'Mullony (3), Ainhoa Etxeberria eta Moreno (1).

Zvezda: Kirikias (13 geldiketa), Dolkigh eta Tikhanova; Murzalieva (5, 3 p.), Chernova (2), Dyachenko (4), Nikitina (3), Dvortsevaya (2), Antonova (3), Triobchuk, Sinelnikova, Nikolaeva, Gerasimova (2), Sobina (3) eta Samoilenko (3,1 p.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.