Ostalaritzaren itxierari eta konfinamendu perimetralari eutsiko diete Nafarroan

Txibite lehendakariak aurreratu du Gabonetan ez dituztela baimenduko «jende anitzeko afariak», baina ez du baztertu debekua kentzea etxe berekoak ez direnen artean biltzeari dagokionez.

Maria Txibite lehendakaria, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2020ko azaroaren 16a
12:50
Entzun

Oraingoz, itxita. Nafarroako Gobernuak erabaki du ostalaritzaren itxierari eta konfinamendu perimetralari eustea. Taberna eta jatetxeen itxiera bi astez luzatuko dutela jakinarazi du Javier Remirezek, Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, baina gaineratu du balitekeela zenbait neurri «malgutzea», «datuen bilakaeraren arabera». Besteak beste, terrazak zabaltzeko aukera aipatu du.

Bestalde, azaroaren 29tik abenduaren 8ra arteko zubian, itxita egonen dira Nafarroako mugak. Maria Txibitek aurreratu du erabakia, SER irrati katean eginiko elkarrizketan. «Ezin gara lasaitu: arrisku handia litzateke neurri murriztaileak abenduko zubi luzearen aurretik kentzea, kutsatuen kopuruek gora eginen luketelako Gabonen aurretik, eta horien ostean gorakada nabarmena izanen genukeelako».

Nafarroako Gobernuko buruak «zuhurtziaz» hartu du azken asteotako datuen hobekuntza: «Egia da lortu dugula positiboen kurba apaltzea. Beheranzko joera nabaria eta jarraitua da azken bi asteotan, baina zuhurrak izan beharra dugu, jaiegun luzeak datozelako: ez da komeni lasaitzea. Tentsioari eutsi behar diogu».

Lehen olatuaren ostean konfinamendua arintzeko neurriak «azkarregi» ezarri zirela aitortu du Txibitek: «Horregatik, bigarren olatu honen arintzea mantsoago egin nahi dugu, zuhurrago, ez dugulako atzera joan nahi. Presaka ibiltzea ez da ona». Horregatik, «zuhurtzia eta pazientzia» eskatu dizkie herritarrei, «normaltasunera bueltatu ahal izateko».

Gabonetan, ospakizun jendetsurik ez

Gabonetan indarrean egonen diren debeku eta neurri murriztaileei buruz, Nafarroako Gobernuko lehendakariak esan du «ikusteko» dagoela zer erabaki hartuko duten, baina «neurriak arintzera» jo nahi dutela: «Argi dago aurtengo Gabonetan ez ditugula ospakizun eta afari jendetsuak ikusiko. Seguruenik, familia osoa ezinen da mahaiaren bueltan egon, baina saiatuko gara neurriak arintzen, etxe berekoak ez diren pertsonak elkartzeari dagokionez». Izan ere, Nafarroan indarrean den foru dekretuaren arabera, elkarrekin bizi ez diren pertsonak ezin dira etxe berean bildu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.