Donostiako metroa

Zuloa Donostiako metroko lanen ondorio dela onartu du Goiak

Bi metro inguruko diametroa du Zubieta kalean agertu den zuloak. Metroko lanen ondorioz kale berean gertatzen den bigarren ezbeharra da hilabete gutxian. Inguru hartako lanak geldirik daude ekainetik. Eraikuntza geldiarazteko eskatu du Satorralaia mugimenduak.

Goizean agertu den zuloa, Donostiako Zubieta kalean. DONOSTIAKO UDALEKO LAB, @LABUDALADONOSTI
Iosu Alberdi - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2020ko azaroaren 17a
09:53
Entzun

Donostiako metroaren lanen ondorioz beste zulo bat agertu da gaur Zubieta kalean, Londres hoteletik gertu. Tamaina handikoa da; bi metro inguruko diametroa du, eta sakonera zehaztu gabe dago —Satorralaiaren arabera, 30 metro kubiko baino bolumen handiagokoa da—. Kalea itxi egin du Ertzaintzak, eta zuloa porlanez betetzen hasi dira. Ekainean ere beste zulo bat agertu zen kale bereko eraikin batean. Ordutik geldirik daude Kontxako tunelaren zulaketa lanak, gainazalari dagozkionak izan ezik.

Eneko Goia Donostiako alkateak beharrezko neurri guztiak hartzeko eskatu die «lanak egiten ari direnei», segurtasuna bermatzeko eta «donostiar guztien lasaitasunerako». Alkatearen esanetan, Udalak 08:00etan izan du gertatutakoaren berri, eta hainbat teknikari bidali ditu eremura. Horiek aurkitu dute zuloa, Goiaren hitzetan. Zehazki, Udaleko, Eusko Trenbide Sareko eta lanak egiten ari den enpresako teknikariak bertaratu dira ingurura, gertatu dena ikertu eta zuloaren jatorria zehazteko asmoz.

Goiak adierazi du inguruan ekainean gertatutako jazoeraren ondorio dela gaurkoa. Halere, «zuhurtziaz» jokatu beharra azpimarratu du, arrazoiak zehaztu arte. Dena den, «beldurra» izateko arazorik ez dagoela nabarmendu du, inguruko etxebizitzak «ondo» daudelako.

Metroaren lanekin lotuta, azken hilabeteetan eremu berean atzematen den antzeko bigarren gertaera da, azken arazo handietako bat kale berean egiten ari ziren lanetan gertatu baitzen, ekainean. Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan zulo bat agertu zen, hogei metro kubiko ingurukoa. Zehazki, eraikinaren zutabe bat oinarririk gabe gelditu zen, eta zimenduetan zulo bat eragin zuen horrek, lanetan ura eta hondarra sartu izanaren eraginez. «Istripu tekniko bat» izan zen hura, Jon Txabarri Donostiako Udaleko Hirigintza zuzendariaren esanetan.

Gertaera haren eraginez, «segurtasunez jarraitu ahal izateko behar diren azterketa geologikoak egin arte» lanek ez dutela aurrera egingo adierazi zuen Espainiako Gobernuak irailean. Ondorioz, geldirik daude ekainetik. Horrek atzeratu egin du obren amaiera dataren kalkulua: 2024ko bigarren seihilekora arte, hain zuzen.

Epeetan ez ezik, kostu ekonomikoetan ere eragin handia izan dute gertaerek. Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak hasieran ezarritako kostua %50 inguru haziko zela iragarri zuen, eta «%70era irits daiteke». Lan horien hasierako aurrekontua 53,2 milioi euro zen, eta, beraz, kostua 26 edo 37 milioi euro handiagoa litzateke sailburuak aipatu hazkundea aintzat hartuz gero.

Hala, momentu honetan inguruan martxan dauden lan bakarrak Xabier Zubiri plazan ari dira egiten. Easoko geltokiari dagozkionak dira. Efe agentziaren arabera, ordea, zuloa agertu den kontrako norabidean daude.

Obra «zentzugabea»

Azken gertaerak kontuan izanik, LAB sindikatuak salatu du metroaren lanetan ari diren langileen segurtasuna ez dagoela bermatuta. Eta berriz errepikatu du, euren ustez, metroa ez dela beharrezkoa: «Zentzugabekeria gero eta ageriagoa da». EH Bilduk Donostiako Udalean duen bozeramaile Reyes Carreresek, berriz, bizilagunen artean «beldurra» dagoela nabarmendu du, eta «hilabete hauetan izandako arduragabekeriaren emaitzatzat» jo du gertatutakoa: «Eneko Goiak eta Iñaki Arriolak, behingoz, erantzukizun politikoak hartu behar dituzte».

Bide beretik, Elkarrekin Podemoseko Aitzole Aranetak kontu ikuskapen baten beharra azpimarratu du, «lardaskeria honi» amaiera emateko.

Satorraiala bizilagunen mugimenduak berriro ere eskatu du lanak geldi ditzatela, eta ohartarazi du proiektua gaizki diseinatzearen ondorio direla metroaren eraikuntzan gertaturiko ezbeharrak: «Satorralaiaren ustez, gertaera larri hauek argi eta garbi erakusten dutenez, Donostiako ibai-marea lur hareatsuen gainean eraikita dauden hiriaren erdialdeko eta Amara auzoko lurpea desegonkortzeko arriskua aintzat hartu gabe eta izugarrizko ezjakintasunarekin diseinatu da zentzugabekeriazko proiektu hau». Era berean, Satorralaiak zalantzan jarri ditu ekaineko zuloa agertu zenez geroztik ETSk egindako egonkortze lanak: «Ez dute ezertarako balio izan, antza denez». Lan «gehigarri horretan, gainera, zazpi milioi euroko gainkostua jada «xahutu» dutela salatu du Satorralaiak. Larunbatean manifestazioa egin zuten Donostian, hain justu, Satorralaiak deituta. Ardurak «argitzeko» eta lanak eteteko eskatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.