Parisek esan du heldu den urtean hasiko direla txertoak jartzen

Pfizer botika etxeak txertoaren eraginkortasunari buruz esandakoak egiaztatzen badira urte hasieran jartzen hasteko prest daudela esan du Osasun ministroak

arantxa iraola
2020ko azaroaren 17a
11:19
Entzun

Lehengo astean Pfizer botika etxeak %90eko eraginkortasuna duen txertoa garatzea lortu duela esan zuenetik, ugaritzen ari dira COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainen inguruko albisteak. Lehengo astean, Espainiako Gobernuak iragarri zuen maiatzerako hamar milioi pertsona immunizatu nahi zituela txertoarekin. Orain, Frantziako Gobernuko Osasun Ministeriotik esan dute urte hasieran txertoa jartzen hasteko asmoa dutela. Elkarrizketa batean adierazi du asmoa Osasun ministro Olivier Veranek. Txertoaren eraginkortasuna eta egokitasuna egiaztatzen badira prest daudela esan du.

Europako Batzordeak jakinarazi du txertoaren 30 milioi dosi ja aurrez enkargatuak dituela, eta lehen kolpe batean Frantziako osasun agintariek 30 milioi inguru jasoko dituztela. Azaldu du herritarrek ez dutela pagatu beharko txertoagatik.

Osasun ministroak ez du iragarpenik egin nahi izan Frantziako Gobernuak ezarriak dituen konfinamendu neurrien inguruan. Zabaldu diren hainbat informazioaren arabera, gobernuaren hipotesia da taberna eta jatetxeek urtarrilaren erdialdera arte itxita egon beharko dutela, baina ez du adierazpenik egin nahi izan horren inguruan. Dendak ere itxita daude, eta oraingoz horrela jarraituko dutela azaldu du: «Egoera onean ireki nahi ditugu, gero berriz itxi beharrean ez egoteko». Taberna eta osatuei dagokionez, horiek berriz irekitzea «zailagoa» izango dela aitortu du ministroak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.