Zinema

Sarean egingo dute Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 43. aldia

Larunbatean hasiko da, eta hilaren 29ra arte ikusi ahalko da programa, jaialdiaren webgunean. Pascal Gaigne musika konpositoreari emango diote aurtengo Begiradak saria

Aitor Abaroa eta Ana Goitia Lekeitioko zinema aretotik, Euskal Zine Bileraren 43. edizioa online aurkezten. LEKEITIOKO EUSKAL ZINE BILERA
Inigo Astiz
2020ko azaroaren 17a
13:13
Entzun

Leiho bat balitz bezala apurtuko da milaka pantaila txikitan Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdiko pantaila handia aurten. Koronabirusari aurre egiteko hartutako segurtasun eta osasun neurriek bultzatuta, sarean egingo dute 43. aldia, eta www.zinebilera.eus webgunearen bidez ikusi ahalko da egitarau osoa, hilaren 29ra arte. «Jaialdi osoa klik bakarrera». Zailtasuna erronka bilakatu nahi izan dutela azaldu du Xabier Arrate jaialdiaren koordinatzaileak. «Kontakturik gabeko jaialdi bat egiten gabiltza, baina pantailen bidez hurbil egoteko saiakera egingo dugu».

Internet bidez egin arren, «presentziala balitz bezala» ikusi ahalko da jaialdia, antolatzaileek zehaztu dutenez. Pelikulak ez dira sarean nahieran ikusteko moduan egongo; emisio egun eta ordu jakin bat izango du haietako bakoitzak, eta une horretan ikusi beharko du ikusleak webgunean. Erregistro arin bat egin beharko du aurrez horretarako, izen-abizenak eta beste zenbait datu emanda. Baina, edonola ere, proiekzioa hasi eta eguna amaitu arteko tartea izango dute ikusleek filmak ikusi ahal izateko. EITBren webgunean ere leiho bat izango du jaialdiak.

Estreinaldiarekin hasita

Urtero ohi dutenez, euskal film luze baten proiekzioak zabalduko du jaialdia. Aurten, esaterako, Imanol Rayok zuzendutakoHil kanpaiakfilma eskainiko dute larunbatean, 19:00etatik aurrera, eta Eneko Sagardoi aktoreari ere elkarrizketa egingo diote Lekeitioko Ikusgarri zineman bertan. Hori izango da, gainerakoan, erabat digitala izango den programako egitasmo presentzial bakarra. Zinemara joaten direnek soilik izango dute, beraz, filma ikusteko aukera. Hortik aurrera, ordea, etxetik mugitu beharrik gabe izango dute hamaika film ikusteko aukera ikusleek. Euskarazkoak izango dira botako dituzten lan guztiak. Izan ere, hizkuntza izan da azken 43 aldietan Zine Bilera jaialdiaren ezaugarri nagusia.
[youtube]https://youtu.be/UQ5ril1KhWM[/youtube]

Lehiaketa ere izango du aurtengo jaialdiak. «Hori da jaialdiaren bihotza», azaldu du Arratek. Aurten, guztira, 33 proposamen jaso dituzte, «maila oso handikoak», eta haietako hemeretzi hautatu dituzte antolatzaileek. Film laburrak dira guztiak, baina haien artean badira fikziozko lanak, animaziozkoak zein dokumentalak, eta ikusleak ezagun izango ditu haien zuzendarietako batzuk. Besteak beste, Paul Urkijo zinemagilearen Dar-dar; Maria Elorzaren eta Koldo Almandozen Quebrantos; Eñaut Castagnetek eta Ximun eta Manex Fuchs anaiek zuzendutako Nire eguneroko maitea; eta Maddi Barber zinemagilearen Gorria dokumentala izango dira jaialdiko saria jasotzeko hautagaiak. Aitor Oñederra animatzaileak, Erika Olaizola aktoreak eta Mikel Rueda zinemagileak osatuko dute epaimahaia.

Azaroaren 28an jakinaraziko dituzte irabazleak, eta proiekzioa ere antolatuko dute haiekin jarraian; azkenik, lan horien beste proiekzio saio batekin itxiko da jaialdia, hurrengo egunean.
[youtube]https://youtu.be/dEnRMWwFxXw[/youtube]

Pascal Gaigne ere omenduko dute, bestetik. Euskal zinemari ekarpen berezia egin dion egile bat omendu ohi du jaialdiak urtero Begiradak izeneko aitortzarekin, eta musikari eta konpositorea hartu nahi izan dute gogoan aurten. Aurrez Errobi musika taldearekin aritu zen Gaigne plazaz plaza, eta Zergatik panpox filmarentzako soinu banda sortzea izan zuen zinemarako egindako lehen lanetako bat, 1985ean. Ehun film baino gehiagorentzat sortu du musika geroztik, eta Goya saria jaso zuen, esaterako, Handia filmarentzat egindako lanagatik, eta 2018an jaso zuen haren ibilbide osoa aitortzen zuen Sade saria ere. Eta lan horrengatik guztiagatik omendu nahi izan dute Zine Bileran ere. «Saritua izan da hainbat lehiaketatan, eta, orain, Lekeition ere bai». 

Euskal gatazka zineman

Beste jaialdi batzuei ere ireki nahi izan diete atea. Zinegoak Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiarekin bat egin dute, adibidez. Antolatzaileek haien lanaren nondik norakoa azalduko dute, eta festibalean proiektutako hainbat lan berriz ikusteko aukera eskainiko du Zine Bilerak. Hazparnen (Lapurdi) egiten den Zinegi jaialdiarekin elkarlanean antolatu dituzte beste saio batzuk ere, esaterako. «Euskara hutsezko jaialdi bakarrak gara», azaldu du jaialdiko koordinatzaileak, «eta, beraz, naturala izan da elkarrekin aritzea». Zinegirekin batera, beraz, zinema gaualdia eskainiko dute azaroaren 28an. Eta bi jaialdien elkarlanaren fruitu da azaroaren 29an Urtzi Urkizu zinema aditu eta BERRIA egunkariko kazetariak eskainiko duen hitzaldia ere. Zinemak euskal gatazka nola erakutsi duen aztertuko du aurkezpenak.

Elkarlanaren ondorio dira jaialdiko beste hainbat saio ere. Euskararen Topagunearekin batera antolatu ohi dute, esaterako, Kameratoia izeneko ikus-entzunezko sorkuntza rallya. Elias Kerexeta zine eskolarekin elkarlanean, iraganeko euskal filmak berreskuratzen dituzte Gaur8 atalean. Eta emakumezkoek zinemagintzan duten lekuari buruzko mahai inguru bat ere antolatuko dute azaroaren 28an, (H)emen Gaude elkartearekin.

Salbuespen urtea

Berez, iaz Benito Ansola beka jaso zuen Oier Fuentes zinemagilearen filma ere proiektatu nahi zuten jaialdiko antolatzaileek, baina, koronabirusaren eraginez, estreinaldia atzeratu beharrean izan da zuzendaria, eta, ondorioz, egiten ari den lanaren aurkezpen bat egingo du jaialdian. Bi urtean behin ematen da beka hori, eta euskal sortzaile gazteak bultzatzea du helburu. Fuentesen lanaren proiekzioa hurrengo urtean egiteko asmoa azaldu dute antolatzaileek.

Salbuespenezkoa izango da aurtengoa, izan ere. Koldo Goitia Lekeitioko alkateak azaldu duenez, hurrengo urteetan online adarrari eustea ongi ikusi arren, jaialdiaren alde presentzialari ere eustea baita asmoa. Arratek borobildu du azalpena: «Bilera hitza darama jaialdiak izenean bertan, eta presentzialtasuna mantendu nahi dugu, baina aurten leiho batzuk zabaltzen saiatu gara, edo, hobe esanda, pantaila batzuk».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.