AEB-ak

Trumpek kargutik kendu du zibersegurtasunerako arduraduna

Christopher Krebsek gezurtatu egin du presidentetzako bozetan iruzurra egon dela, eta «historiako seguruenak» izan direla berretsi du.

Christopher Krebs, AEBetako Zibersegurtasun eta Azpiegituretako arduraduna, iazko maiatzean egindako agerraldi batean. SHAWN THEW, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 18a
11:17
Entzun

AEBetako presidenteak kargutik kendu duen bigarren goi arduraduna da zibersegurtasunekoa. Donald Trumpek azkenaldian ohikoa duen moduan jakinarazi du erabakia: Twitter bidez. Estatuburuak Christopher Krebsi leporatu dio «informazio okerra» ematea iruzur salaketen inguruan, eta salatu du «arau hauste ugari» egon direla hauteskundeetan: «Hildakoen izenean bozkatu du jendeak, eta begiraleei ez diete hauteslekuetan sartzen utzi».

Krebsek hauteskundeetako segurtasuna bermatzeko lanak zuzendu ditu azken bi urteotan, eta kanpoko esku hartzea saihesteko eta bozen aurreko asteetan zurrumurruak gezurtatzeko atari digital bat ere zabaldu zuen. Hain zuzen, atari horretan ziurtatu du behin baino gehiagotan azaroko presidentetzarako hauteskundeak «historiako seguruenak» izan zirela, eta ukatu egin du iruzurrik egon dela.

Krebs bera ez du ezustean harrapatu Trumpen erabakiak. Haren gertuko iturriek zabaldu dutenez, zibersegurtasunerako arduradunak ekainean esan zuen bozen ostean kaleratuko zutela ziurrenik, Trumpek galduz gero posta bidezko boto zenbaketaren aurka joko zuelako, eta baita horretarako modua eman zutenen kontra ere.

Krebs bera baino lehen, eta bozen emaitzak jakin eta egun gutxira, Mark T. Esper Defentsa idazkaria ere kargutik kendu zuen Trumpek. Bi buruzagien arteko harremana ekainean mikaztu zen, estatuburuak militarrak manifestarien aurka bidali izana kritikatu zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.