Nafarroako Urrezko Domina, langile sanitario eta soziosanitarioei

Osasun langileek COVID-19aren aurka «oso baldintza txarretan» lan egin izana sarituko du Nafarroako Gobernuak.

Nafarroako Gobernuak Adacen elkarteari eman zion urrezko domina, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko azaroaren 18a
12:51
Entzun

Nafarroako Urrezko Domina osasun arloko langileei eta langile soziosanitarioei emanen die Nafarroako Gobernuak. Gaurko bilkuraren ostean eman dute erabakiaren berri.

COVID-19aren pandemian, langileek erakutsitako jarrera saritu nahi du Maria Txibiteren gobernuak: «Arreta handiz, eurentzako eta euren familientzako arriskuari aurre eginez, eta oso baldintza txarretan ardura eta esfortzu handiarekin lan egin dute», azaldu dute, ohar bidez.

Nafarroako Gobernuak ematen duen sari gorena da Nafarroako Urrezko Domina, eta osasun langileak saritzeko arrazoien artean azpimarratu dute «inork ez bezala pertsonifikatu dutela gaixotasunaren aurkako borroka». Zehazki, gobernuko arduradunek azaldu dute osasun langileak «pazienteen arretaren lehen ilaran» egon direla pandemia hasi zenetik, eta horri gehitu behar zaiola «gaixotasuna eurek hartzeko edo ingurukoei kutsatzeko arriskuaren aurrean duten jarrera, oso lan baldintza txarretan erakutsitako dedikazioa eta beren eguneroko lanaren xedea dela erkidego osoaren osasuna zaintzea».

Maria Txibite lehendakariak emango die saria, osasun protokoloen arabera egokitutako ekitaldi batean. Abenduaren 3an izango da, Nafarroaren Egunean.

Domina jasotzeko hiru hautagai zeuden mahai gainean: osasun langileak eta soziosanitarioak, Osasuna futbol taldea eta Iruñeko Gurutzeko Plaza bigarren hezkuntzako institutua. Hirugarren urtez jarraian, herritarrek aukera izan dute hautagaiak proposatzeko, beren izenean edo erakunde baten ordezkari gisara. Zehazki, osasun langileen hautagaitza Afapna sindikatuak aurkeztu zuen.

Azken urteetan, Nafarroako Urrezko Domina eman diete Jose Maria Jimeno Jurio historialaria zenari (haren senideek jaso zuten), Pedro Miguel Etxenike fisikariari, bularreko minbiziaren aurkako Saray elkarteari eta, iaz, Adacen Burmuinean Kalte Hartutakoen Nafarroako elkarteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.