Euskaraldia

Euskara indartzeko lantalde bat

Eureka euskara taldekoek euskara bultzatu nahi dute; haiei esker, enpresako 29 langilek Euskaraldian parte hartuko dute.

Eureka euskara taldeko kideek argi daukate euskararen alde lan egiten jarraituko dutela. OREKA IT
2020ko azaroaren 20a
09:26
Entzun

Enpresek iparrorratz bat behar izaten dute, zein norabidetan lan egin eta nola jardun jakiteko. Sarritan, ez da lan samurra izaten enpresa baten lema gidatzea, eta horregatik eskatu ohi diote laguntza beste enpresa bati: aholkularitza enpresa bati, esaterako. Oreka IT enpresa aholkularitza lanetan aritzen den horietako bat da. 11 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du, eta SAP teknologian adituak diren langileek osatzen dute. Corporate balance da enpresaren oinarria, filosofia korporatiboa, eta elkarren osagarri diren hiru zutabek eusten dute oinarri hori: bezeroak, ezagutzak eta langileak.

Euskarazko zerbitzua eskaintzeaz gain, etxe barruan ere garrantzi handia du euskarak. Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, euskara talde bat ere badute: Eureka. 2012an sortu zuten talde hori, eta enpresa barruan jaio zen egitasmoa. Izan ere, hiru lankidek erabaki zuten proiektua sortzea eta martxan jartzea, enpresako langileen artean euskara indartzea xede zutelarik. Modu horretan, euskararekin lotutako hainbat ekintza antolatu zituzten: lehiaketak, irteerak, poteoakā€¦ Hasieran, Eurekak harrera oso ona izan zuen, eta langile asko batzen ziren antolatutako ekintzetan, baina pixkanaka indarra galduz joan zen.

Halere, Eurekak bizirik jarraitzen du Oreka IT enpresan, eta baita euskarak ere. Hori dela eta, entitatean euskararen alde lan egiten jarraitzen dute, eta hainbat langile Eureka taldeko kide dira. Kide horien arabera, enpresa sortu zen aurreneko urte haietan, euskara gaur egun baino gehiago egiten zen langileen artean, besteak beste, langile gutxiago zirelako; egun, aldiz, enpresa gero eta handiagoa da, eta langile berriak lanean hasten diren heinean, gaztelania gero eta gehiago gailentzen ari da langileen hizkuntza ohituretan. Horretaz jabeturik, Eurekako kideek hainbat egitasmo jarri dituzte martxan, Oreka ITn euskara presente egon dadin: enpresaren inguruko dokumentuak euskaratzen dituzte, eta, horrela, euskaraz dakiten langileek laneko dokumentuak euskaraz izan ditzakete; enpresaren ataria euskaratu dute; Egunean Behin sakelako jokoan talde bat dute, eta lehiaketan parte hartzen dute; gainera, Oreka ITko langileek euskara ikasteko laguntza ekonomiko bat dute.

Horretaz guztiaz gain, 29 langile Euskaraldian parte hartzera animatu dira: azaroaren 20tik abenduaren 4era, euren hizkuntza ohiturak aldatzen ahaleginduko dira, eta belarriprest edo ahobizi rolak hartuta, ariguneetan nahiz horietatik kanpo, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egingo dute. Horretarako, hainbat urrats egin dituzte Eureka taldekoek: lehenik eta behin, arigune posibleak identifikatu zituzten; ondoren, langile guztiei mezu bat bidali zieten, Euskaraldiak eta rol bakoitzak zertan datzan azalduz eta ariketan parte hartzera animatuz; datuak lortu eta gero, Euskaraldian izena eman zuten, eta txapa identifikagarriak eskatu baino lehen, parte hartzera erabaki zutenei galdetu zieten belarriprest edo ahobizi rola hartuko zuten; amaitzeko, identifikatutako ariguneentzako euskarriak inprimatu eta dagokien tokian jarriko dituzte.

Bertako eredu bat

Corporate balance Oreka ITk bestelako enpresa eredu bat garatzeko duen konpromisoaren isla da. Lau irizpidetan oinarritzen da: gardentasunean, komunikazioan, kontziliazioan eta prestakuntzan. Modu horretan, eredu espezializatu bat aldarrikatu nahi du, bertakoa den eredu bat, aholkularitza enpresa handiek eskaintzen duten eredu orokor eta deslokalizatua gaindituz.

Lan egiteko moduak ere egiten du berezi: lantalde kohesionatua du enpresak, motibatua, eta duen esperientziari esker, zerbitzu ezin hobea eskaintzen duena. Ildo beretik, SAP teknologiatik harago dauden proiektuetan egiten dute lan, eta bezeroen konfiantza indartzen dute horrela. Momentuko laguntza ez ezik, luzera begirako laguntza eta aholkularitza ere eskaintzen dute, sektoreko errotazio tasarik txikiena baitauka: %10etik beherakoa.

Oreka IT, beraz, etengabe hobetzen saiatzen den enpresa bat da, eta argi dauka euskara ezinbestekoa dela hobekuntza horretarako: erabileraren aldeko apustua egiten segitu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.