Frantziako Poliziak Guillaume Fauveau argazkilaria mehatxatu du

Argazkilariak salaketa ezarriko du gaur, Baionako polizia etxean.

Guillaume Fauveau argazkilaria. AMAIUR KOSKARAT
2020ko azaroaren 18a
14:57
Entzun

Lanean ari zela Frantziako Poliziaren mehatxuak jasan behar izan zituela salatu du Guillaume Fauveau argazkilariak. BERRIAko, Kazeta.eus atariko, Naiz-eko eta Mediabask-eko argazkilaria da Fauveau, eta, atzo, Baionako Alsace-Lorraine karrikan aritu zen lanean, Frantziako Poliziaren kontrol operazio batean. Bi funtzionariok prentsa agiria galdetu zioten, eta Fauveauk erakutsi zien. Hortik minutu gutxira, beste bi polizia hurbildu zitzaizkion, eta argazkiak hartzeari uzteko eskatu zioten. Gainera, gelditzen ez bazen salaketa jarriko ziotela esan zioten, mehatxatuz. Polizien argazkirik hartzeko eskubiderik ez zuela esan zioten, baina kazetariak argazkiak hartzeko eskubidea bazuela oroitarazi zien bi poliziei. Frantziako Poliziak Fauveauren prentsa agiria argazkitan hartu zuen. Fauveauk jakinarazi du salaketa ezarriko duela Baionako Polizia Etxean, gaur berean.

Frantziako Asanblea Segurtasun Orokorrerako legea aztertzen ari da egun hauetan. Legearen artikulu batek Frantziako Poliziaren irudiak filmatu eta zabaltzea debekatu nahi du, «polizien integritate fisiko eta moralaren kontra» doalakoan. Prentsa askatasunaren kontrako neurritzat jo dute anitzek, eta gogora ekarri dute azken urteetan polizia bortizkeriaren hainbat kasutan zabaldutako irudiak lagungarri izan direla horien harira egindako ikerketetan. Atzo, Parisen, ehunka lagun bildu ziren asanblearen aitzinean legea salatzeko. Frantziako Poliziak hainbat kazetari atxilotu eta zauritu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.