Datuak

1.207 kasu positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian

Atzo egindako proben %7k eman dute positibo Hegoaldean. Araban eta Gipuzkoan ugaritu egin dira kasuak, Bizkaian eta Nafarroan, berriz, bezperan baino gutxiago detektatu dituzte. Koronabirusarekin eri ziren 66 lagun erietxeratu dituzte azken egunean. 188 lagun daude ZIUetan.

PCR probak, Refenan. JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko azaroaren 19a
10:26
Entzun

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, beste 1.207 COVID-19 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian; bezperan baino bat gutxiago. Osasunbideak eta Osakidetzak birusa atzemateko 16.951 proba egin zituzten atzo, bezperan baino 793 gutxiago. Zehazki, proben %7,1k eman dute positibo.

Lurraldeka, Gipuzkoan zenbatu dute positibo gehien Hegoaldean: 478 izan dira, aurreko egunean baino hemeretzi gehiago. Bizkaia du atzetik: 432 kasu izan dira lurralde horretan, eta, beraz, kopurua apaldu egin da bezperako datuen aldean (459). Nafarroan 138 izan dira, bezperan baino 20 gutxiago, eta Araban, berriz, 136 positibo atzeman dituzte asteazkenean eginiko probetan; zehazki, joan den egunean baino hamalau gehiago.

Datuek erakusten dute Nafarroan sendotzen ari dela beheranzko joera. Izan ere, foru erkidegoan 200 koronabirus kasu baino gutxiago atzeman dituzte bosgarren egunez jarraian. Zehazki, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, Osasunbideak 2.065 proba egin zituen atzo, eta horien %6,7k eman dute positibo. Aurreko eguneko datuen aldean, hazi egin da positiboen ehunekoa, kasu gutxiago atzeman arren. Asteartean, 2.815 proba egin zituen Osasunbideak, eta horien %5,6k eman zuten positibo: 158 izan ziren.

Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, berriz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako testen %7,18k eman dute positibo azken egunean. 14.886 proba egin zituen atzo Osakidetzak.

Halaber, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du birusarekin eri ziren zazpi pertsona zendu direla azken egunetan foru erkidegoan; horietatik lau atzo hil ziren, eta aurreko egunetan hildakoak dira gainerako hirurak. Gobernuak emandako datuen arabera, 81 eta 100 urte bitartekoak ziren hildako pertsonak.

188 lagun daude Hegoaldeko ZIUetan

COVID-19arekin eri ziren 66 lagun ospitaleratu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Horiek aintzat harturik, oraintxe bertan guztira 860 pertsona daude gaitzarengatik ospitaleratuta. Zehazki, 672 gaixo gela arruntetan daude erietxeratuta, eta 188 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan; hau da, bezperan baino zazpi gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.