Ekonomia

Esportazioak %18,7 apaldu dira irailera arte Hego Euskal Herrian

Auto esportazioak %27 txikitu dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan.

Pasaiako portua. JUAN HERRERO / EFE
xabier martin
2020ko azaroaren 19a
11:24
Entzun

Eustaten eta Espainiako Industria eta Merkataritza Ministerioaren arabera, Hego Euskal Herriko enpresek 21.444,7 milioi euroren esportazioak egin dituzte 2020. urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz epe horretan baino 4.942 milioi gutxiago (-%18,7). 2019an marka hautsi zuten esportazioek, 35.544 milioi euroren salmentak egin zituztelako Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpora.

Irailean erorikoa ez da hain handia izan, %7,7 txikitu baitira 2019arekin alderatuz gero.

Are gehiago ari dira txikitzen inportazioak: %19,2 irailean, eta %23,2 urteko lehen bederatzi hilabeteetan.

Ekipo ondasunak (%37) eta autogintza  (%22,4) dira esportazio nagusiak. Bigarrena jaitsi da gehien: %27,5 lehen bederatzi hilabeteetan.

Lurralde guztietan txikitu dira esportazioak: -%21 Gipuzkoan, -%20,7 Bizkaian, -%16,9 Araban, eta -%16,3 Nafarroan.

Bezero nagusiak

Ministerioaren datuen aldean, informazio zehatzagoa ematen du Eustatek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuen inguruan. Horien arabera, 2020ko lehenengo bederatzi hilabeteotako rankingaren arabera, Alemania da herrialde hartzaile nagusia, esportazio guztien %17,6 baititu (2.664,8 milioi). Frantzia dator gero (%15,5 eta 2.351,5 milioi), AEBak (%6,7 eta 1.014,4 milioi) eta Erresuma Batua (%6,4 eta 966,8 milioi). Lau herrialde horietara egin dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioen ia erdiak (%46,2). EAEko inportazioak, berriz, irailera arte, 11.514,7 milioi eurorenak izan dira, iazko aldi berean baino 3.632,2 milioi gutxiago.

2020ko lehenengo bederatzi hilabeteetako aldian gehien saldu diren hamar produktuek (muga zergen diru sailak) 6.035,7 milioi euro bildu dituzte, kopuru osoaren %39,8. Horien artean, batek bakarrik ez du atzera egin: burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen partea osatzen duen atalak: %85,5eko hazkundea izan du, 131,7 milioi gehiago. Gainerako atalak 2019ko aldi berean esportatutakoaren azpitik daude. Jaitsiera gehienak 100 milioi eurotik gorakoak dira, eta horietatik lau, gainera, 350 milioi eurotik gorako beherakadekin. Asko jaitsi direnen artean, badira hiru atal automobilgintzarekin lotuak.

Gainera, hamar pertsona baino gutxiagoko turismoaren atala %21,8 jaitsi da (369,3 milioi gutxiago), ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriena %26,5 (356,6 milioi gutxiago), eta automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako atala, berriz, %66,5 (537,6 milioi gutxiago). Petrolio olio finduak ere nabarmen egin dute behera (%36,9 eta 388,5 milioi gutxiago).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.