Enpresak

Virgin telcok 58.000 bezero lortu ditu sei hilabeteko ibilbidean

Euskaltel konpaniak Espainiako eta Kataluniako merkatuetarako baliatu duen bigarren markak zuzendaritzaren aurreikuspenak gainditu ditu.

Jose Miguel Garcia Euskalteleko kontseilari ordezkaria. BERRIA
xabier martin
2020ko azaroaren 19a
12:15
Entzun

Sei hilabete beteko dira bihar Euskaltel taldeak Virgin telco abian jarri zuenetik, pandemia bete-betean. Konpainiak jakinarazi du «arrakasta handia» lortu duela marka berriarekin Espainiako merkatuan, eta gainditu egin dituela taldeak aurreikusitako emaitzak. Maiatzaren 20tik 58.000 bezero lortu ditu Virginek. Horietatik, 43.000 finkoko bezeroak dira, eta 15.000 sakelakoenak. Euskaltelen helburua zen urtea amaitzerako 35.000 bezero finko lortzea, eta, hilabete baino gehiago falta dela, kopuru hori % 23 handiagoa izatea lortu du.

«Sarearen aparteko bilakaera» da, hein batean, hazkunde garrantzitsu horren arrazoia, konpainiak azaldu duenez; lehen seihileko honetan, Virgin telco ia 21,5 milioi etxetara iritsi da jadanik, aurreikusitako 18 milioietatik gora. 3,2 milioi baino gehiago Madrilen, ia 3 milioi Bartzelonan, 1,3 milioi baino gehiago Valentzian, eta ia milioi bat Malagan, Sevillan eta Alacanten. Hilabete hauetan, hitzarmenak egin ditu telekomunikazioen sektoreko konpainia batzuekin: Orange eta Telefonicarekin, erregulaziotik kanpoko eremuetan NEBA zerbitzuak eskaintzeko, eta Adamorekin, haren zuntz optikoko sarea erabiltzeko. «Hitzarmen horiek giltzarriak izan dira sarearen bilakaerarako».

Jose Miguel García Euskaltel Taldeko kontseilari ordezkariaren arabera, «izugarri» hazi da Virgin telcoren proiektua. «Oso argi daukat Virgin telcok etorkizun oparoa duela Espainiako telekomunikazioen sektorean. Hasi besterik ez gara egin, eta ahalegin horretan jarraituko dugu: bezeroari bere beharretara hobekien egokitzen diren zerbitzuak eskaintzen, gardentasunez, erraztasun guztiekin eta malgutasun handiarekin. Bezeroa egongo da, aurrerantzean ere, gure negozio estrategiaren erdigunean. Itxaropentsu gaude 2021erako; nobedadez betetako urtea izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.