Euskal presoak

Etxerat-ek salatu du «bakarrik» hamazazpi preso daudela Euskal Herriko kartzeletan

Espainiako Gobernuak 74 preso hurreratu ditu, eta, urrats hori begi onez hartu arren, ohartarazi du Espainiako Estatuko espetxeetan diren presoen %49 eta Frantziako Estatuan direnen %20 600 kilometrotik gorako distantziara diren kartzelatan daudela. 

Etxerat elkarteko Urtzi Errazkin eta Patricia Velez, Hernanin. JON URBE / FOKU
2020ko azaroaren 19a
12:55
Entzun

Pixka bat arindu da presoen eta haien senideen egoera, baina «ez da nahikoa». Etxerat elkarteak begi onez hartu du Espainiako Gobernuak 74 preso hurreratzeko hartutako erabakia. Dena den, egun kartzeletan diren 223 presoetatik hamabost baino ez daude Euskal Herriko kartzeletan. Ondorioz, euskal gizartearen eskaeretatik «urrun» dago oraindik Madril. Etxerat-en arabera, Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak «esaten duenetik egiten duenera alde handia» dago.

Presoen egoeraren gaineko argazkia eman du Etxerat-ek, Hernanin egindako agerraldian. Presoen senideen elkarteak azaldu du ehunka lagunek, 200 familia inguruk, urruntzearen ondorioak jasaten dituztela oraindik ere. Izan ere, Euskal Herriko kartzelatan diren hamabost horiek kenduta, 173 preso Espainiako Estatuko 40 kartzeletan barreiatuta daude, eta horietatik %49, oso urrun —600 kilometro eta 1.100 kilometro arteko distantzian—. Frantzian, bestalde, 31 preso daude zazpi kartzelatan barreiatuta: Horietatik 25 Mont de Marsanen edo Lannemezanen dira, Euskal Herritik 260 eta 320 kilometrora, hurrenez hurren—. Gainerako zazpiak urrunagoko bost espetxetan dira.

Egoera juridikoari dagokionez, EPPK-ko presoen %75 espetxe legedian bidea egiten ari badira ere, Frantziako 
Estatuan lau presok bizi guztiko zigorra dute. Espainiako Estatuan, berriz, preso bat bakartuta dago Soto del Realen, eta 129 lehen graduan daude; horietako 48, malgutasunez —beste 58 bigarren graduan daude; horietako bi, espetxe arinduan, eta zortzi, hirugarren graduan—. 

Etxerat-en arabera, egoera horrek ez die erantzuten euskal gizartearen eskaerei edo ziklo berriari, eta egindako hurreratzeak ez dira aski: «Zergatik ez denak Zaballara? Zergatik Estremerara? Zergatik daude oraindik 127 preso lehenengo graduan, murriztaileena dena eta espetxetik ateratzearen ikuspegitik aurrera egiterik ez duena? Zergatik ez dituzte aske uzten, are gehiago pandemia garaian, 65 urtetik gorakoak, 18 gaixo larriak, haurdun daudenak eta haien seme-alabak?».

Biktima elkarteen eragina

Haietako askok jada Euskal Herriko espetxeetan egon behar luketela deritzote, baina argi dute sektore batek, «hori egitea ez dagokion arren», erabaki zentroetan eragiteko ahalmena duela, eta egoera oztopatzen ari dela. «Ez daude bizikidetzan aurrera egiteko lanean, eta nahiago dute liskarrari eutsi; makilak jartzen dituzte gurpiletan, eta espetxe-politikaren aldaketa baldintzatzen saiatzen dira. Denok dakigu nori buruz ari garen hizketan». Izena aipatu gabe, biktima elkarte batzuek duten eraginari egin dio erreferentzia.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari eskatu diete egoera horretan esku har dezatela, «lobby immobilistak urruntzearen amaiera eta presoen bide juridikoa blokeatu ez ditzan». «Gure senideei ez zaie ezer oparitzen ari: Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubidea dute, eta ibilbide juridiko arrunta egin ahal izatekoa», gaineratu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.