ELAk dio Hegoaldean 2.260 milioi euro gehiago inbertitu behar dela Europarekin parekatzeko

Sindikatuak Osasunbideko eta Osakidetzako egoera «iraultzeko» neurri sorta bat bildu du txosten batean. Besteak beste, osasun gastu publikoa Europako batezbestekoarekin parekatzeko eskatu du.

ELAk agerraldia eskaini du gaur Bilbon. ELA
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 19a
13:43
Entzun

Agerraldia egin du ELA sindikatuak gaur goizean Bilbon, Osasunbidearen eta Osakidetzaren egoera «iraultzeko» neurri sorta bat aurkezteko. Mitxel Lakuntzak, Esther Saavedrak eta Iñaki Zabaletak azpimarratu dutenez, Hego Euskal Herriko osasun sistemaren arazoak «egiturazkoak» dira, COVID-19ak sortutako pandemiaren aurrekoak. Salatu dute Osasunbideak eta Osakidetzak duten «kolapso egoera» izurriaren aurreko egiturazko arazoen ondorio dela: besteak beste, aurrekontu murrizketak, ospitaleko oheen eta osasun langileen eskasia, eta langileen lan baldintzen prekaritatea aipatu dituzte.

Horiek horrela, egoera aldatzeko hainbat neurri proposatu ditu sindikatuak. Adierazi dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak osasunean egiten duten gastua Europako batezbestekoaren azpitik dagoela, eta, beraz, Osakidetzak eta Osasunbideak 2.260 milioi euro gehiago inbertitu beharko lituzketela Europako inbertsio mailarekin parekatzeko. ELAk landu duen txostenak dio Nafarroako osasun publikoan egin den gastua 126 milioi euro handitu dela azken hamarkadan, baina BPGarekin alderatuz gero osasuneko gastua %5,6tik %5,2ra jaitsi dela. Sindikatuak uste du Nafarroako Gobernuak aurten 427,8 milioi euro gehiago jarri beharko lituzkeela osasungintzarako. Osakidetzari dagokionez, duela hamar urte baino 400 milioi euro gutxiago inbertitu duela esan dute, eta aurrekontutik 1.832,7 milioi euro gehiago jarri beharko liratekeela Europako batezbestekoarekin parekatzeko.

Ospitaleetan ohe nahikorik ez dagoela ere nabarmendu dute, eta proposatu dute Nafarroan ohe kopurua %30 handitzea, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %24koa izatea hazkunde hori.

Bestalde, lehen mailako arreta une honetan «kolapsatuta» dagoela ohartarazi du sindikatuak: «Gobernuen estrategia osasunaren babesa eta ekonomiari eustea uztartzeko mantran oinarritu da. Hori ez da lortu, ez eremu batean, ez bestean. Batetik, kutsatze mailak oso altuak dira, maila onartezinetan daude, eta, bestetik, langabeziaren eta enpresa itxieren gorakada nabarmena gertatu da». Horiek horrela, sindikatuak galdegin du sare publikoa sendotzea, osasungintza publikorako sarbide unibertsala bermatzea, langileak gehitzea eta lan baldintzak hobetzea, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.