Datuak

1.092 kasu atzeman dituzte Hegoaldean

Aurreko egunean baino 115 kasu gutxiago detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta egindako proben %6,5k eman dute positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiruretan apaldu da kasu kopurua. Nafarroan, berriz, ugaritu egin dira positiboak, baina, halere, sendotzen ari da kasuen hazkundearen moteltzea. Seigarren egunez jarraian, 200etik beheitikoa da egun bakarrean detektatutako kasu kopurua foru erkidegoan. Bost pertsona zendu dira.

PCR proben laginak, Nafarroako Ospitalean. JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko azaroaren 20a
10:49
Entzun

COVID-19a atzemateko 16.761 test egin ziren atzo Hegoaldean, eta guztira 1.092 kasu zenbatu dituzte horietan. Hori horrela, apaltzera egin du testen gaineko positiboen ehunekoak: %6,52 da portzentajea. Bezperan, berriz, %7,1 izan zen ehunekoa, eta 1.207 positibo detektatu zituzten. 

Lurraldez lurralde, Bizkaian izan da positibo gehien: 412 zenbatu dituzte, bezperan baino hogei gutxiago. Gipuzkoa du atzetik; herrialde horretan, 407 izan dira azken egunean, eta, beraz, nabarmenagoa da kasuen beherakada. Herenegun egindako probetan 478 izan baitziren positiboak. Araban 109 kasu detektatu dituzte, aurreko egunean baino 27 gutxiago. Osakidetzak egindako testak aintzat harturik, %6,45 da positiboen portzentajea.

Azken eguneko joera bestelakoa izan da Nafarroan, joan den egunean baino kasu gehiago zenbatu baitituzte. Zehazki, Nafarroako Gobernuak aurreratutako datuen arabera, Osasunbideak COVID-19a atzemateko 2.370 proba egin zituen atzo, eta 157 kasu detektatu zituzten guztira. Bezperan, 138 positiboren berri eman zuen gobernuak; hau da, hemeretzi gutxiago izan ziren. Hala eta guztiz ere, pixka bat apaldu da positiboen ehunekoa: atzoko testen %6,6k eman dute positibo. Bezperan, berriz, %6,7 izan zen portzentajea, test gutxiago egin baitziren asteazkenean. Azken asteetako datuei erreparatuta, bistan ari da gelditzen Nafarroako beheranzko joeraren sendotzea. Igandetik, egun bakarrean atzemandako positibo kopuruak ez du inoiz gainditu 200 kasuen langa.

Egunetik egunera izan daitezkeen gorabeherez gainera, kutsatzeen beheranzko joera antzeman daiteke Hegoaldeko lau herrialdeetan azken hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasaren bilakaera. Oraintxe bertan, lurralde bakar batek ere ez du gainditzen milakoa. Zehazki, azken datuen arabera, 100.000 biztanleko 978 laguni atzeman diote birusa hamalau egunean Gipuzkoan. Bizkaian, aldiz, 665 da tasa, Araban 514koa da eta, berriz, 394 da Nafarroan.

Heriotzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du beste bost pertsona hil direla gaitzaren sintomak zituztelarik. Horietako bat atzo zendu zen, eta gainerako laurak aurreko egunetan gertatutakoak direla argitu du gobernuak. 78 urteko gizonezko bat eta 84 eta 95 urte bitarteko lau emakume dira hildakoak.

185 lagun daude ZIUetan

Ospitaleen egoera aztertuta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, koronabirusarekin eri ziren 72 pertsona erietxeratu zituzten atzo Hegoaldean. Herenegun, berriz, 66 eraman zituzten ospitalera gaitzarengatik. Halaber, oraintxe bertan 673 lagun daude ospitaleetako gela arruntetan, eta 185 pertsona daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, aurreko egunean baino hiru gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.