Gabonak aurten «guztiz» ezberdinak izango direla onartu du Urkulluk

Herritarrek «diziplinak» gora egiten duen neurrian, «muturreko neurriak» saihesteko aukera handiagoa izango dela nabarmendu du.

arantxa iraola
2020ko azaroaren 20a
11:42
Entzun

Gabon hauek «guztiz» ezberdinak izango direla onartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, gaur goizean Onda Vasca irrati katean egin dioten elkarrizketa batean. Orain bi aste, COVID-19aren izurriari aurre egiteko asmoz hainbat neurri iragarri zituenean —tartean tabernak eta jatetxeak ixtea eta etxeratze agindua 22:00etan ezartzea— helburua Gabonetara «ahalik eta egoera onenean» iristea zela izan zuen hizpide, baina gaur goizean onartu du izurriaren kontrako neurriek estu zedarrituta jarraitu beharko dutela Eguberriotan bizi ohiturek.

Oro har, gertuko-gertuko harremanetarako sei pertsonako taldeak aukeratzea komeni dela adierazi du Urkulluk, eta, ahal dela, «burbuila» horiekin izan behar direla erlazio hurbilekoak. «Oso ondo identifikatu behar dira talde horiek», nabarmendu du.

Atzo bilera egin zuen osasun krisiari jarraipena egiteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Labi aholku batzordeak, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik adierazi zuen izurriari aurre egiteko ezarrita dauden murrizketek bere horretan jarraituko dutela; Urkulluk gaur zehaztu du neurriek lehengoan jarraitzea, gogorragoetara egin gabe, «seinale ona» dela. Oraindik «arintzera» ezin dela egin esan du: «Tentsioa, oraindik ere, handia da». Intzidentzia tasa orain 100.000 biztanleko 780 kasutan dagoela oroitarazi du, eta tentu handiz ibili behar dela. Hilaren 10era arte behintzat egongo dira neurriak indarrean.

Herritarren «diziplinak» gora egiten duen neurrian, «muturreko neurriak» saihesteko aukera handiagoa izango dela adierazi du. Espainiako Gobernuari eskatua dio, hala ere, egoera larriagotzen bada, konfinamendu bat ezarri ahal izateko eskumena. Oraingoz, hala ere, ez dagoela horretarako asmorik esan du: «Gaur-gaurkoz, ez».

Izurriak izan behar duen eboluzioaren gaineko «erronka» ere jarri du mahai gainean: egungo intzidentzia tasa 300 kasura jaitsi behar dela adierazi du, eta egoera «ona» izango dela 60ra apaltzen denean. Bide horretan, lehen mugarria, 500 kasuko langa jaistea izango dela azaldu du.

Oraintxe hiru greba egin dituzte Osakidetzako langileek, eta haien kexuen zioa «ulertzen» dutela esan du Urkulluk; hori gogoan hartuta, legealdi honetan lantaldeak indartzeko «konpromisoa» hartuta dutela nabarmendu du.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.