Zinema

'Imperial irrigation' dokumental esperimentalak jaso du Zinebiko sari nagusia

Lur Olaizolak jaso du Espainiako Film Laburrik Onenaren saria 'Zerua blu' lanagatik, eta Estibaliz Urresolaren 'Polvo Somos' hautatu dute Euskal Film Laburrik Onena

Lur Olaizola zuzendariaren 'Zerua blu' filmeko fotograma bat
Lur Olaizola zuzendariaren 'Zerua blu' filmeko fotograma bat Zinebi Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko azaroak 20 13:06

1951. urtean, herriko zinema aretoan proiektatutako Amerikako zeru urdinak eta cadillac auto baten irudi ederrek piztu zuten Amerikara joateko lehen grina Mamaddi Jaunarena ortzaiztarrarengan (Nafarroa Beherea). Zeluloideak erein zuen bidaiaren lehen hazia, beraz. Eta detaile horretatik dator Lur Olaizola zuzendariak bere film dokumental laburrari jarritako izenburua: Zerua blu. Jaunarenak New Yorkera itsasontziz egindako bidaiaren eta han neskame egindako garaiaren oroitzapenekin osatu du lana zinemagileak, Baigorri inguruko doinua daraman euskara hutsez, eta Espainiako Film Laburrik Onenaren saria eman dio orain Zinebi jaialdiko nazioarteko epaimahaiak. 5.000 euro jasoko ditu horri esker. Polvo Somos fikziozko laburrak jaso du, bestalde, Euskadiko Film Laburrik Onenaren saria, eta Lukas Marxt zuzendari austriarraren Imperial irrigation dokumentalak, berriz, jaialdiko garaikur nagusia. 5.000 euro eta 7.000 euroko saria izango dute haiek, hurrenez hurren.



Kaliforniako estatuan dagoen Salton itsasoa du ardatz Marxt-ek zuzendutako film dokumental laburrak. AEBetako armadak bertan egindako bonba nuklearraren probengatik da, batez ere, ezagun inguru hori, eta behin baino gehiagotan jo du bertara zinemagileak ere. Imperial Valley izeneko dokumentala filmatu zuen bertan 2017an, eta bigarrenez jo du leku berera Bilboko jaialdiak saritu berri duen 20 minutuko filmean. Zuzendariaren hitzetan, edonola ere, alienazio digitala lantzea da film esperimentalaren beste asmoetako bat.

Paul Eluard poetaren bertsolerroa du izenburu Zinebiko First Film Sari Nagusia jaso duen filmak: The Earth is Blue as an Orange. Iryna Tsilyk zinemagile ukrainarrak zuzendu du eta 11.000 euro jasoko ditu sariaren aitortzarekin batera. Sundance Jaialdiko dokumental kategoriako Zuzendaritzarik Onenaren saria ere jaso zuen aurten lan beragatik. Gerrako gune batean bizitzeak eragiten duen eguneroko traumari aurre egiteko, beren bizitzari buruzko film bat egiten ari diren Anna eta bere alabaren saiakera kontatzen du 77 minutuko film dokumentalak.

Genero bakoitzeko Mikeldi sari bana ere eman du jaialdiak. Zhenia Kazankina Rio lanak jaso du fikziozko film laburrik onenaren saria, Paul Heintz-ek sortutako Shanzhai Screens lanak film labur dokumental onenaren saria eta Kangmin Kim korearraren Kkum-ek animaziozko film laburrik onenarena.

Gazte Epaimahaiko kideek André Guiomarren A nossa terra, o nosso altar, dokumentala saritu dute, 2.000 eurorekin. SGAE Fundazioak Polvo somos film laburrari eman dio 3.000 euroko Euskal gidoi Onenaren Saria. EITB Publikoaren Saria, 3.000 euro, Aitor Gametxoren Hemen. Gaur. Berriz dokumentalarentzat izan da. FAS zineklubak Pablo Hernandoren El Ruido Solar filma hautatu du, 2.000 euroko sariarekin, eta azkenik, UNICEF saria Marit Weerheijm zuzendariaren En Route fikziozko pelikularentzat izan da.

Etorriko diren proiektuak babesteko ildo bat ere badu Zinebik, eta 10.000 euroko laguntza jasoko du Amaia Remirezek zuzendutako Bayo Bayo Bay izeneko proiektua burutzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iñigo Ernando Galdakaoko alkatea, Edurne Espilla Euskara zinegotzia eta Gotzon Barandiaran Sormene jaialdiko zuzendari artistikoa ©Endika Portillo/ Foku

Euskal kulturari eskainitako astebeteko jaialdia jarriko dute abian Galdakaon: Sormene

Iñigo Astiz

Abenduaren 14tik 20ra bitarte, euskarazko hamaika emanaldi eta tailer antolatuko dituzte, eta bertatik bertara zein sarean ikusi ahalko dira saioak. Udalak dioenez, irauteko asmoz jarri dute martxan egitasmoa

Irene Aldasorok itzuli du euskarara Sally Rooneyren nobela. Irudian, Aldasoro, atzo, Donostian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Munduan leku bila, elkarri eskutik helduta

Ainhoa Sarasola

Sally Rooney idazlearen 'Jende normala' nobela euskarara itzuli du Irene Aldasorok. Bi gazteren bidaia iniziatikoari jarraitzen dio kontakizunak
Pauline Junquet eta Juliette Alfonso. ©LS FILMS 64

'Veloma' diskoa kaleratu dute Pauline eta Juliettek

Joana Ibargarai Leritza

'Hegaldaka' diskoa egin zuen Pauline eta Juliette bikoteak 2017an. «Ausartago», «pausatuago» eta nortasuna «finkaturik», hamabi kantuz osaturiko disko berria kaleratu dute iragan ostiralean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.