Donostiako metroa

EH Bilduk salatu du Donostiako metroaren lanetan informazioa «ezkutatu» dela

Donostiako metroaren lanen batzorde ez-iraunkorra astelehenean batzartuko da, eta EH Bilduk jakinarazi du «oso zorrotza» izango dela arduradunekin. Obrak gelditzea «beharrezkoa» dela uste du. 

Donostiako Zubieta kalean agertu zen zuloa asteartean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 20a
13:09
Entzun

Zulo bat agertu zen asteartean Donostiako Zubieta kaleko errepidean, bi metroko diametrokoa eta 30 metro kubikoko sakonerakoa, eta metroaren lanekin lotu zuten. Hala ere, ez da ingurune horretan agertu den lehen zuloa izan, beste bat agertu baitzen ekainaren hasieran. Lehen gertakari horren berri emateko, uztailean batzartu zen Euskotrenen Donostiako Lanen Jarraipenerako Batzorde ez-iraunkorra, eta astelehenean beste batzar bat egingo dute. Bertan izango dira, besteak beste, Ernesto Martinez de Cabredo ETS Eusko Trenbide Sareko arduraduna eta Eneko Goia Donostiako alkatea. EH Bilduk adierazi du «oso zorrotza» izango dela bi arduradun horiekin, aurrekariak «onartezinak» direla iritzita. Hain zuzen, salatu du metroaren lanetan informazioa «ezkutatu» dela.

Donostiako EH Bilduk azaldu duenez, batzordeak uztailaren 20an bilera bat egin zuen, baina ETSk zenbait puntu «ezkutatu» zituen. Salatu du ETSk bazekiela lanak ibilbide guztian zeudela geldirik, ekainaren erdialdean obrak egiteko ardura zuen enpresa esleipendunak langileen %70en kontratuak eten zituelako, eta informazio hori ez zela azaldu bileran. Horrez gain, nabarmendu du kontratuak etenda egondako denbora tarte berean zulo bat agertu zela Urbieta kaleko eskola publiko batean, baina horren berri ere ez zutela eman batzarrean. Are, EH Bilduren arabera, orain dela lau hilabete eginiko batzordean txosten batzuk jasoko zituztela agindu zieten, baina oraindik ez dute halakorik eskuratu: «Oraindik ez ditugu jaso lehen zuloa agertu ondoren ustez egingo ziren eta hilabete barru bidaliko zitzaizkigun ikerketa geoteknikorako kanpaina osagarrien emaitzak».

Batzordearen helburua

EH Bilduk nabarmendu du Donostiako metroaren lanen batzordearen helburua «lanen gorabeherak, bizilagunen kexak eta aldaketak aztertzea» dela, eta baita «obren eragina minimizatzeko erabakiak hartzea» ere. Azaldu du udal talde bakoitzeko kide batek, udal gobernuko ordezkari batek eta ETSko ordezkariek osatzen dutela taldea, eta gutxienez bi hilean behin biltzeko konpromisoa hartu zutela. Hala ere, oraingoz, hiru aldiz elkartu dira 2019ko irailetik.

EH Bildurentzat, funtsezkoa da metroaren obrak zati guztietan gelditzea, besteak beste, bizilagunen eta langileen segurtasuna oinarri hartuta. «Lehen ere, diru publikoaren xahuketa ikaragarria zen, baina orain, pandemiaren erdian, premiak bestelakoak diren eta aipatutako akats tekniko eta politikoen ondorioz gainkostuak areagotu diren honetan, honekin jarraitzea onartezina da, eta arduragabekeria bat edozein ikuspuntutatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.