Bizkaiko zahar etxeetan atzemandako hemeretzi «arduragabekeria» kasu salatu dituzte

Izurriaren lehen olatuan atzemandakoak dira denak, egoiliarren senideen Babestu elkarteko ordezkarien aburuz; Bizkaiko Fiskaltzan aurkeztu dituzte salaketak

arantxa iraola
2020ko azaroaren 20a
13:54
Entzun

Bizkaiko Fiskaltzara jo dute gaur Bizkaiko zahar etxeetako egoiliarren senideen Babestu elkarteko ordezkariek, eta salaketak aurkeztu dituzte COVID-19aren izurriaren lehen olatuan egoitzetan atzemandako «arduragabekeria» kasuen harira. Hemeretzi kasuren berri eman dute zehazki.

Askotarikoak dira salatu dituzten egoerak: birusa errazagoa «hedatzea» eragin duten lekualdaketak, senitartekoen bisita «bakanak», «bakartze» egoera gogorrak... Fiskaltzari kasuon gaineko ikerketa egiteko eskatu diote, eta «arduragabekeriarik» izan den ebazteko.

Salaketak aurkeztu aurretik elkarretaratze bat egin dute, eta instituzioek adineko pertsonek bizi behar izan dituzten egoera gogor horietan izan duten ardura nabarmendu dute; bereziki gaitzetsi dute Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera, biei dagokielako, hain justu, adinekoak artatzeko protokolo egokiak zehaztea, eta egoitzetan egiten den lanaren gaineko ikuskatze egokia egiten dela bermatzea, Aldiz, beste alde batera begira daudela esan dute, eta egoera oso gogorrak ikusi beharrean direla maiz: «Negargarria da zenbait egoiliarren egoera; azkazalak eta bizarra luze-luze, moztu gabe, eta ahoak zikin. Zein ikuskatze egiten ditu diputazioak? Ez al dute begiratzen nola dauden adinekoak?», galdera egin du elkarteko presidente Juani Cespedesek.

Aldiz, halakoen berri ematen dutenean aldundiak ez diela inoiz jaramonik egiten, horixe deitoratu du. «Lotsagarria da, esaten dizkiogu halakoak aldundiari, eta beti ematen die arrazoi egoitzei. Zergatik babesten ditu hainbeste?». Jaurlaritzari egotzi dio, berriz, langile ratio oso estuak ezartze egoitzetan.

Eskumen pribatuko egoitzetan, bereziki, kontrol handiagoa behar dela esan dute. Izurriari aurre alde egite aldera, adibidez: PCR testak maizago egin behar dituztela uste dute, FFP2 maskarak eman behar dizkietela langileei, eta antolaketa eredu berri bat bilatu behar dela, talde txikiagoetan, birusaren hedatzea saihesteko.

Izurriaren ondorioak apaltze aldera adineko pertsonak bakartzea beharrezkoa bada, haiek ahalik eta egoera «duinean" egoteko ahaleginak egin behar direla nabarmendu dute. Oroitarazi dute «kognitiboki» oso erasanda daudela egoitzetako egoiliarrak askotan, eta garrantzitsua dela haiei kalera irteteko aukerak erraztea, eta senitartekoekin lagunduta irten ezin badute, langileek laguntza hori emateko era erraztu behar dela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.