Frantzia

Sarkozyren epaiketa ostegunera arte atzeratu dute, osasun arrazoiengatik

Koronabirusa dela eta, 73 urteko akusatu batek argudiatu du beretzat arriskutsua dela Parisera joatea; epaileek azterketa mediko bat egiteko agindu dute. Frantziako presidente ohiari ustelkeria egozten diote.

Sarkozy, gaur, epaiketa hasi aurretik. JULIEN DE ROSA / EFE
ander perez zala
2020ko azaroaren 23a
08:44
Entzun

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia akusatuen aulkian eseri da gaur, ustelkeriagatik eta influentzia trafikoagatik epaituko baitute. Akusazioaren arabera, Sarkozy presidente ohiak zin egin zion Gilbert Azibert Kasazio Auzitegiko epaile izandakoari ahal zuena egingo zuela Monakoko postu garrantzitsu bat lor zezan, trukean hari buruz sekretupean zegoen informazio bat helarazten bazion. Hiru lagun akusatu dituzte: Sarkozy bera, Thierry Herzog haren abokatua eta Azibert epailea. Hitzordua hasi eta berehala, hirugarren akusatuak osasun arrazoiak argudiatu ditu COVID-19aren harira, eta prozesua atzeratzeko eskatu du; epaileek ostegunera arte eten dute epaiketa, eta tarte horretan Aziberti azterketa mediko bat egingo diote. 

Kasua Sarkozyren eta Herzogen arteko telefono dei batzuetan oinarritzen da. Ustez, biek azaldu zuten nola eskaini zioten Monakoko postu bat Aziberti, informazio bat ematearen trukean: jakin nahi zuten zer egoeratan zen 2007. urteko presidentetzako bozetako kanpainaren finantzaketa irregularrari buruzko ikerketa. Ustez, garai hartan eskuindarren hautagaia zenak dirua jaso zuen Muammar Gaddafi Libiako agintaria zenarengandik.

Gaur epaitzen hasi diren kasuari Bismouth auzia esaten diote, 2014an jakin baitzuten presidente ohiak beste linea bat zuela kontratatua Paul Bismouth izena erabilita; zenbaki hori erabili zuen abokatuarekin gaiari buruz hitz egiteko, akusazioaren arabera. Epaiketa 13:30ean hasi dute, eta, berez, abenduaren 10era arte iraungo du, epaileek ostegunean prozesua berriz atzeratzea erabakitzen ez badute. Akusazioak hamar urte arteko espetxe zigorra eskatu du hirurentzat, baita milioi bat euroko isuna ere. 

Frantziako presidente ohiak «borrokan» jarraitzeko asmoa berretsi du, eta haren aurkako prozesua «urte liburuetan geratuko den eskandalu» gisara deskribatu du.

Beste hainbat kasuren artean, Sarkozyk Bygmalion afera entzutetsuari ere egin beharko dio aurre: 2012ko presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan finantzaketa irregularra izatea leporatu diote —Alderdi Sozialistako François Hollanderen aurka galdu zuen—.

Epaiketa horretan argituko dute UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak eta Bygmalion komunikazio enpresak faktura faltsuak sortu ote zituzten 20,5 milioi euroko gainkostua ezkutatzeko; izan ere, alderdiek gehienez 22,5 milioi euro gasta ditzakete kanpainan. Epaiketa hori 2021eko martxoan abiatuko dute.

Eskuina, gidari bila

LR Errepublikanoak alderdiaren 2016ko primarioak galdu zituenetik, Frantziako presidente ohia politikatik kanpo mantendu da. 2017ko bozetan LR-ren hautagai François Fillon zen faboritoa, baina lanpostu faltsuen kasu batek kalte egin zion haren hautagaitzari, eta ez zen sailkatu bigarren itzulirako; lehen aldiz, eskuindarrak ez ziren azken lehia horretara pasatu, eta Emmanuel Macron gailendu zitzaion Marine Le Pen ultraeskuindarrari.

2022ko bozei begira, eskuindarrak hautagai sendo baten faltan daude, eta nahiz eta kargudun batzuek beren burua aurkeztu duten, askok begi onez ikusten dute Sarkozy berriz aurkeztea, herritar askoren artean ospe handia duelako eta oinarri elektoral fidela duelako. Izan ere, urte eta erdi barruko bozetarako inkestek Macron-Le Pen lehia aurreikusten dute berriz ere, eta LRkoek ez dute berriz bigarren itzulitik kanpo geratu nahi.

Horregatik, ikusteko dago Frantziako presidente ohiaren aurkako kasu judizialek zer ondorio ekarriko dituzten, horien araberakoa izango baita LR-ren etorkizuna. Ez da gutxiagorako: Sarkozy ustelkeriagatik epaituko duten V. Errepublikako lehen estatuburua bilakatuko da.

Aldiz, Jacques Chirac da auzitegi batek zigortu duen V. Errepublikako presidente bakarra; agintea utzi eta lau urtera zigortu zuten (2011), baina Parisko alkatea zenean (1977-1995) egindako ekintzengatik —fikziozko enpleguak sortuz diru publikoa desbideratzea egotzi zioten—. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta ez zuten kartzelan sartu. Iaz zendu zen Chirac, 86 urterekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.