Datuak

612 kasu positibo atzeman dituzte Hegoaldeko probetan

Urriaren 6tik erregistratu den kutsatu kopururik apalena zenbatu dute Hego Euskal Herrian. Nafarroan ugaritu egin dira kasuak, eta %9,2 da positiboen portzentajea.

PCR probak Gurutzetako ospitalean, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko azaroaren 23a
10:44
Entzun

Bosgarren egunez jarraian, behera egin du egun bakarrean zenbatutako kasu positibo kopuruak Hegoaldean. 611 positibo izan dira igandean egindako testetan, aurreko egunean baino 90 gutxiago. Hala ere, aintzat hartzekoa da proba kopuruan izandako beherakada. PCR probak eta antigenoen testak aintzat hartuta, atzo 8.511 test egin ziren Hegoaldean. Bezperan, aldiz, ia 11.000 izan ziren.

Hegoaldeko lurraldeen artean, Bizkaian atzeman dute positibo gehien: 243, bezperan baino 36 gutxiago. Gipuzkoan, berriz, 202 izan dira positiboak, aurreko egunean baino 89 gutxiago. Araban 50 detektatu dituzte, eta, beraz, pixka bat hazi da kopurua: larunbatean 45 izan ziren. Zehazki, Osakidetzak egindako testen %6,8k eman dute positibo.

Oraingoz, behin-behineko datuak argitaratu ditu Nafarroako Gobernuak. Horien arabera, Osasunbideak 113 kasu positibo atzeman ditu igandean egindako probetan. Zehazki, COVID-19a atzemateko 1.221 test egin ziren atzo Nafarroan, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, eta horien guztien %9,2k eman dute positibo. Hortaz, detektatutako kasu kopuruak ez ezik, positiboen ehunekoak ere nabarmen egin du gora bezperako datuen aldean. Izan ere, larunbatean 1.364 test egin ziren Nafarroan, eta 84 kasu zenbatu zituen Osasunbideak; testen %6,15ek eman zuten positibo. Dena dela, azken astean, egun bakarrean atzemandako kasu kopuruak ez du inoiz gainditu berrehun positiboen langa.

Bestalde, ospitaleen egoerari dagokionez. Oraintxe bertan, 620 lagun daude ospitaleratuta gela arruntetan Hegoaldean, eta 182 pertsona daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.