migrazioak

'Aita Mari' Mediterraneora abiatuko da datozen egunetan

COVID-19aren eraginez, egitekoak ziren sei misioetatik bakarra eraman ahal izan dute aurrera. Urtea hasi zenetik, 200 lagun baino gehiago erreskatatu dituzte.

'Aita Mari' ontzia, Pasaiako portuan. IDOIA ZABALETA / FOKU
2020ko azaroaren 23a
11:40
Entzun

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak Pasaiako portua utzi eta Mediterraneo itsasorako bidea hartuko du berriz ere. Bidaia datozen egunetan abiatuko dutela jakinarazi dute. Urte korapilatsua izan da 2020a haientzat ere, COVID-19ak eragina izan baitu ontziaren jardunean. Izan ere, aurten egiteko prestatuta zeuzkaten sei misioetatik bakarra egin ahal izan dute, urtarrilean eta otsailean eginikoa.

Aurtengo aurreikuspenei begiratuz gero, erreskate ontziak 180 egun eginak behar lituzke Mediterranoan. Horietatik 36 besterik ezin izan ditu egin, eta beste 69 egunetan atxikita eduki dute portuetan. Halere, Aita Mari ontziak 200 lagun baino gehiago erreskatatu ditu aurten. Otsailean, bi egunetan, gomazko ontzi batetik 93 migratzaile hartu zituzten, eta beste 65 zurezko batetik, tartean, 51 adingabe eta haurdun zeuden hiru emakume. Ontzia beteta, guztiak Mesinan (Italia) lehorreratzea lortu zuten, haientzat portu seguru bakarrak Italia eta Malta zirela behin eta berriz adierazi ostean. 

Pasaiara bueltan zela, apirilean, 47 pertsona zihoazen beste ontzi bat erreskatatu zuen, Maltako kostaldetik 50-70 bat itsas miliara. Maltan porturatzeko baimena eskatu zuten, baina herrialde hartako gobernuak ukatu egin zien. Azkenean, Italiako Gobernuaren itsasontzi batera eraman zituzten migratzaileak. Ordurako, indarrean zeuden COVID-19ari aurre egiteko neurriak.

Erreskate haren ostean, Palermon (Italia) lehorreratu zen ontzia, eta 49 egunez blokeatuta egon zen han, Italiako Gobernuak blokeatuta. Itsas Salbamendu Humanitarioak salatu zuen Italiak nazioarteko itsas araudiaren aurka jardun zuela, eta egonaldiak 55.000 euroko kostua eragin ziola. Ekainaren amaieran lortu zuen, azkenean, Euskal Herrira itzultzeko baimena.

2018an hasi zen Aita Mari erreskate lanak egiten, eta ordutik Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak laguntza hori berretsi du, eta proiektuaren interes “sozialaren, humanitarioaren eta premiazkoaren balioa” azpimarratu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.