Hala Bedik kereila bat aurkeztu du kazetari baten jarduna oztopatu zuen ertzainaren aurka

Ertzaintzak maiatzaren 8an mehatxatu zuen kazetaria, Talka espazio feminista husten ari zirela. «Kontraesanak» eduki arren, auzitara jotzea erabaki dute, prentsa askatasunaren aurkako eraso bat dela iritzita.

Hala Bedik ertzain baten aurkako kereila aurkeztu du gaur, Gasteizko Justizia Auzitegian. HALA BEDI
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 23a
13:53
Entzun

Ertzain batek telefona kendu eta 300.000 euroko isuna jarriko ziola mehatxu egin zion Hala Bediko kazetari bati maiatzaren 8an, Gasteizen. Hain zuzen, Ertzaintza Talka espazio feminista husten ari zen une horretan, eta kazetaria, bere jardunean. Komunikabidearen arabera, mehatxu horrek ez zuen «inolako» oinarri juridikorik, eta, gainera, prentsa askatasunaren aurkako eraso bat izan zela uste du. Hala, adierazi du «kontraesanak» eduki arren auzitara jotzea erabaki dutela. Gaur aurkeztu dute ertzaintzaren aurkako kereila, Gasteizko Justizia Jauregian.

Hala Bedik jakinarazi duenez, ertzainak kazetariari adierazi zion ezin zuela grabatu, «pertsona fisiko bat» zela nabarmenduta. Are, Datuen Babeserako 2018ko maiatzaren 25eko Errege Dekretuak ere horrela agintzen zuela erantsi zuen. Hala Bediren ustez, ordea, kazetariari telefonoa kentzea, «gehiegikeria poliziala» izateaz gain, mehatxuak ez zuen oinarri juridikorik: «Herritar orok eskubidea du Polizia grabatzeko, jardunean ari diren funtzionario publikoak baitira; herritarren informaziorako eskubideak bermatzen du polizia ekinbidea dokumentatu ahal izatea».

Prentsa askatasunaren aurkako erasoa ere aipagai izan dute gaurko agerraldian. Ohartarazi dutenez, komunikabidearen aurkako erasoa ez ezik, prentsa askatasunaren aurkako erasoa ere izan zen, eta «onartezina» dela uste dute. Hain zuzen, erantsi dute «kezkaz» bizi dituztela azken urteetan prentsa askatasunaren alorrean egon diren erasoak, hala nola Espainiako mozal legearen aplikazioa eta Frantziako Gobernuak kazetariei ezarri nahi dizkien debeku berriak. Zehazki, Segurtasun Orokorreko Legea eztabaidatzen ari dira Frantzian, eta bertan badira zuzenean kazetariei eragingo dieten zenbait puntu.

Erasoak salatzeko, beraz, auzitara jotzea erabaki du Hala Bedik: «Sistema judizialera jotzeak kontraesanak sortzen badizkigu ere, Poliziaren inpunitateari eta prentsa askatasunaren aurkako erasoei aurre egiteko beste urrats bat dela ulertzen dugu». Hala ere, kereila aurkezteaz gain, beren lana egiten jarraituko dutela ere adierazi dute: «Informatzen, Poliziaren gehiegikerien irudiak zabaltzen eta eskubide urraketak salatzen jarraituko dugu».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.