Bilboko portua

Bilbo Estibak uko egin dio Jaurlaritzaren bitartekaritzari Bilboko portuko gatazkan

Zamaketa enpresek itxitzat eman dituzte negoziazio eta bitartekaritza bide guztiak, eta arbitraje loteslea onartuko dute bakarrik

Bilboko portuko zamaketariak, protesta ekintza batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 23a
15:41
Entzun

Bilboko portuko zamaketarien lan gatazka kale itxi batean sartzen hasia da. Bilbo Estiba portuko zamaketa enpresak batzen dituen elkarteak uko egin dio Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza proposamenari. Zamaketarien sindikatuek egin zuten eskaera iragan astean, baina aldeetako batek muzin eginez gero ez da beharrezkoa parte hartzea. Are gehiago, Bilbo Estibak jakinarazi du itxitzat ematen dituela arbitraje loteslea ez den negoziazio bide guztiak.

Zamaketariek hilabete eta erdi daramate greban, eta astelehenean 24 orduko lanuzteen hamabosgarren eguna dute. Iragan ostiralean, korapiloa askatzen hasteko eskaintza bat jarri zuten mahai gainean, baina Bilbo Estibak uko egin dio. Jaurlaritzaren Lan Sailari bitartekari lana egin zezala eskatu zion, negoziazioei berrekiteko. Hark onartu zuen, «sortzen ari den egoerarengatik, eta greba Bilboko portuan eta Euskadiko ehun produktiboan izaten ari den eraginarengatik». Bitartekaritza onartzea, baina, ez da beharrezkoa, eta Bilbo Estibak ezetz esan du.

Bilbo Estibak, honenbestez, konponbide bakarra onartuko du: arbitrajea. Enpresen eta langileen arteko gatazketan inposatu daitekeen figura bat da, eta haren ebazpenak derrigorrez bete behar dira. Normalean eragin publiko handiko auzietan bakarrik erabili izan da. Zamaketarien sindikatuek saihestu nahi zuten bide bat da. Espainiako Gobernuaren bitartekaritza eskatzea beste aukera bat da, hark baitu azpiegitura kudeatzeko eskumena. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.