Datuak

Beste 751 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Igandean baino 138 positibo gehiago detektatu dituzte, baina PCR eta antigeno test gehiago eginda. Positibo tasa %7tik behera dago.

Laborategiko teknikari bat antigeno proba bat egiten. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko azaroaren 24a
10:06
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur emandako datuen arabera, 751 positibo izan ziren atzo Hegoaldean egindako testetan, aurreko egunean baino 139 gehiago, alegia. Hala ere,  proba kopuruak gora egin du nabarmen igandearekin alderatuta; izan ere, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, atzo 11.715 test egin ziren Hego Euskal Herrian. Bezperan, aldiz, 8.511.

Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dute positibo gehien: 285, bezperan baino 42 gehiago. Gipuzkoan, berriz, 235 izan dira positiboak, aurreko egunean baino 33 gehiago. Araban 87 detektatu dituzte, eta, beraz. Igandean baino 37 kasu gehiago dira. Halaber, EAEtik kanpo bizi diren beste hiru herritarri ere atzeman zieten birusa. Hala, Osakidetzak egindako testen %6,3k eman dute positibo (herenegun %6,8k).

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, COVID-19a atzemateko 2.039 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo Nafarroan, eta horietatik 141 izan ziren positibo. Bezperan baino 27 positibo gehiago zenbatu dituzte, beraz. Hala ere, igandean baino 818 test gehiago egin zituzten atzo, eta, beraz, azken egunetako beheranzko joerari eusten dio Nafarroak, egindako proben positibo tasak behera egin baitu igandearekin alderatuta. Atzo, testen %6,9k eman zuten positibo. Igandean, berriz, positiboen ehunekoa dezente handiagoa izan zen: COVID-19a atzemateko 1.221 test egin ziren Nafarroan, eta horien guztien %9,2k eman zuten positibo.

Ospitaleratzeei dagokienez, atzo 66 lagun ospitaleratu zituzten Hego Euskal Herrian, eta une honetan, denera, 753 dira erietxean daudenak gaitzarekin (bezperan baino 49 gutxiago).  ZIUetan, berriz, 181 lagun daude, bezperan baino bat gutxiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.