Lan gatazkak

Matriceria Deustoko eta GTSeko kaleratzeak berretsi ditu Gestampek

LAB sindikatuak jakinarazi du enpresak iragarritako kaleratzeekin aurrera egingo duela.

Gestampeko kaleratzeen aurkako protesta bat. ARITZ LOILA / FOKU
xabier martin
2020ko azaroaren 24a
11:19
Entzun

Gestamp Taldeak sindikatuei jakinarazi die duela aste batzuk iragarritako enplegua erregulatzeko espedientea aurrera eramateko borondatea duela, eta, hortaz, aipatutako kaleratze gehienak gauzatuko dituela GTS eta Matriceria Deusto enpresetan. «Lanpostu aldaketa gutxi batzuk egongo dira, baina langile gehienak kalera joango dira», esan du LAB sindikatuak. Kaleratzeko erregulazioaren azken bilera egin dute aldeek, eta azaroaren 11n erakutsitako jarrera berarekin jarraitu du zuzendaritzak, beraz. 35 langileri lanpostua aldatzea eskaini die —177 dira Matricerias Deuston eta 54 GTSn—, bai eta kaleratze ordainduak eta erretiro aurreratuak ere, baina erregulazio espedientea kendu gabe.

«Gure elkartasuna adierazi nahi diegu multinazional gupidagabe honek kaleratuko dituen eta borroka eredugarria egin duten langileei. Ahal zuten guztia egin dute, eta ez dute instituzioen babesik jaso», helarazi du sindikatu abertzaleak ohar batean. «LABentzat, lotsagarria da Gestampek hartu duen erabakia, eta salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera prozesu honetan. Non gelditu dira lehendakariaren hitzak esanez diru publikoa jaso duten enpresetan onartezina dela kaleratzeak egiteko erabiltzea?». LABen arabera, Gestampi «xantaia eta mehatxua erabiltzea erraztu dio» Gasteizko gobernuak. «Lan erreforma mugagabe erabiltzeko aukera duten bitartean, deslokalizazio eta desindustrializazio prozesuak ugarituko dira».

Negoziazio epea luzea izan da gaur arte, eta langileen ordezkariek harreman zuzena izan dute Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako Sailarekin. Haren bitartez, egoera bideratu ahal izatea espero zuten, baina ez. Gainera, tentsio uneak ere egon dira egunotan: duela hiru aste, Ertzaintzak langileei aurre egin zien, Bilboko hotel batean negoziatzera zihoazen batzordekideak identifikatzera behartu baitzituen. Batzordeak «fede txarrez» jokatzea egotzi zion enpresari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.