Eguberrietan sei lagunetik gora ez elkartzeko aholkatuko du Espainiako Gobernuak

Etxeratzeko ordua moldatu egingo dute Gabon gauerako eta Urtezahar gauerako: 01:00etan ezartzea da asmoa

arantxa iraola
2020ko azaroaren 24a
12:04
Entzun

Madrilen Espainiako Gobernuko Ministro Kontseilua elkartu da gaur, eta hasi dira ezagutarazten Madrilek Eguberrietara begira, pandemiari aurre egite aldera, egingo dituen proposamenak. Horretarako ehundu duten planean aholkuetako bat izango da Eguberrietako topaketetan ez sei pertsona baino gehiago elkartzea, eta moldatu egingo dute Gabon gauerako ea Urtezahar gauerako etxeratze joateko gehienezko ordua: 01:00etan jarriko dute.

«Beharrezkoa» ez den lekualdaketarik ez egiteko eskatu du gobernuak: jende elkarketak saihesteko, eta gehienez jota sei pertsona batzeko, ahal dela aire zabalean. Dena den, sei kide baino gehiagoko familia topaketak onartu ditu, betiere elkarrekin bizi badira, eta Autonomia Erkidegoen artean bidaiatzea baimendu du, baina «neurri guztiekin». Bestalde, hamalau egunera igo du COVID-19a duen norbaitekin egoteagatik konfinatuta egon beharreko egun kopurua. Nazioarteko bisitariei dagokienez, gobernuak joan den astean hartutako erabakiari eutsi dio: eremu gorrian dauden herrialdeetako bisitariek PCR proba egin beharko dute estatura sartu baino 72 ordu lehenago.

Erregetako desfileen gisako ekitaldiei dagokienez, aholkua izango da halakorik ez egitea, jende pilaketak izaten baitira.Gabonetako ekitaldi kulturalak egin egingo dira, baina edukieraren %50 beteta. Planean gomendioa zuzentzen diete, era berean, ikasketetako lekuetatik oporrak pasatzera etxera doazen ikasleei: esaten diete «mugatzeko» aurreko egunetan ingurukoekin dituzten harremanak, eta prebentzio neurriak zorrozteko.

Gainontzean, ohiko gomendioak egin ditu Espainiako Gobernuak: maskara erabiltzea, higiene neurriak hartzea, distantzia errespetatzea, leku itxiak aireztatzea, harremanak gutxitzea eta sintomarik izanez gero etxean gelditzea.

Plan hau bihar Lurralde Arteko Osasun Kontseilura eraman nahi du Madrilek, han autonomia erkidegoetako arduradunekin aztertzeko eta onespena emateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.