Hizkuntza minorizatuak

Asertibotasuna erakutsiko diete Europako hainbat hizkuntza minorizatutako eledunei

Europako Listen egitasmoak tresnak emango dizkie eledunei hizkuntza estresa gutxitzeko eta euren mintzairari eusteko. Euskarara ekartzeko moduko ikastaroak, eskuliburuak eta bestelakoak sortuko dituzte.

Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 24a
13:15
Entzun

Galestar bat, frisiar bat, irlandar bat eta euskaldun bat sartzen dira taberna banatan, eta badaezpada ere eurena ez den hizkuntzan egiten hasten dira, ez dakitelako tabernariak euren mintzairan egiten duen edo ez. Txistea ematen du, baina ez da barregarria. Izan ere, «hizkuntza mendekokeria» esaten diete soziolinguistek jarrera horri, eta eguneroko jokabidea da hizkuntza hegemonikoetan mintzatzen ez direnentzat.

Europako Batasuneko Erasmus + planaren barruan, Listen egitasmoa ari da mendekokeriaren aurka lanean. Hizkuntza asertibotasuna bultzatzea da egitasmoaren helburua, eta webgune bat paratu dute, hainbat hizkuntzatan, herritarrei tresnak emateko euren mintzairari uko ez egiteko halako egoeratan.

Listen egitasmoak trebakuntza plan bat zuzenduko du, hegemonikoak ez diren hizkuntzetako hiztunei asertibotasunaren kontzeptua irakasteko, «laguntzeko euren hizkuntzan mintzatzeko lasai eta euren buruez seguru sentitzen diren bitartean, baita parekoak euren hizkuntza egiten ote duen ziur ez dakitenean». Hala azaldu dute antolatzaileek, agiri batean.

«Mendekokeria portaeraren aldaketa da, ohiturarengatik edo zigorraren beldurrarengatik. Hala gertatzen da, esaterako, irlanderaz mintzo diren bi lagun solasean ari direnean, eta ezezagun bat hurbiltzen zaielarik ingelesera aldatzen direnean, hark eurei hitz egiten hasi aurretik». Euskaldunei ere ezagunak egingo zaizkie egitasmoaren bultzatzaileek jarritako adibideak. Hizkuntza mendekokeriak forma asko hartzen ditu, azaldu dutenez. Denek «antsietatea» sortzen diote hizlariari, eta «porrot eta ezintasun» sentipenak eragin ditzake. «Zorionez, halako portaera tratatu egin daiteke Listen egitasmoak garatzen ari den metodoekin. Denborarekin, praktikarekin eta gogo onarekin, egitasmoak ahaldundu nahi ditu hiztunak, eta haien hizkuntzaren erabilera bultzatu».

Oraingoz, lau hizkuntzatan ari dira lantzen listen-europe.eu webgunean: gaelikoaren, galeseraren, frisieraren (Herbehereetako iparraldean mintzatzen da) eta Errumaniako hungarieraren eledunak hartu dituzte gogoan hasteko. BERRIA egitasmoaren bultzatzaileekin mintzatu da, euskara sartzeko asmoa ote dute galdetzeko. ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunaren Sareko idazkari nagusi Davyth Hicksek azaldu duenez, hizkuntza horiek sartu dituzte egitasmoaren partaideak hauek direlako: Valentziako Unibertsitatea (Herrialde Katalanak), Kolozsvarreko (Errumania) Sapientia Unibertsitatea, Pisako (Italia) Consiglio Nazionale delle Ricercheko ILC ikerketa zentroa, Frisiako Afûk gobernuz kanpoko erakundea, eta ELEN sarea bera. Gaineratu duenez, egitasmoak eledunak trebatzeko ikastaro bat sortuko du, eta ekintzaileentzako saioak antolatuko ditu. «Egitasmoko langai eta emaitza guztiak beste hizkuntzetara eramateko modukoak izateko diseinatu ditugu». Bide horretan, formatuak euskararekin probatzeko aukera izatea ere gustuko luketela adierazi du. «Nahiko genuke Euskal Herriko erakunde eta taldeekin hitz egin, ikastaroak, ikasgaiak eta emaitzak euskarara eramateko».

Euskal Herrian, hizkuntza ohituretan espezializatuta dagoen Gemma Sangines psikologo kliniko eta kirol arlokoak landu du asertibotasunaren gaia. 2006tik hiztunak ahalduntzeko TELP tailerrak ematen aritu da. Sortir de l'armari lingüístic, Una guia de conducta per a viure en català liburua idatzi zuen 2010ean, Ferran Suayrekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.