Hegazkingintza

ITP Castingsek 136 langile kaleratzeko asmoa du

Barakaldo eta Sestaoko plantetako lantaldearen %30 sartu du erregulazio espedientean, guztiak kontratu finkodunak. Martxoaz geroztik ez die kontratua berritu behin-behinean zeuden 120 langileri. 

Carlos Alzola ITP taldeko zuzendari nagusia. MIGUEL TOñA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 24a
14:39
Entzun

Precision Casting Bilbao (PCB) enpresak 136 langile kaleratzeko asmoa du. ITP Aero taldearen barruan dagoen enpresa horrek erregulazio espedientearen berri eman die gaur sindikatuei, eta Sestaoko eta Barakaldoko (Bizkaika) plantetako langileen %27ri eragingo die neurriak –410 dira guztira–. Berez, 133 lan postuko espedientea da, baina hiru langile auzitegietan daude beren kaleratzeak salatu zituztelako, eta zuzendaritzatik jakinarazi dute hiru horien ebazpena edozein izanda ere espedientean sartuko direla. Dena den, langile batzordeak azaldu duenez, lanpostu odolustea handiagoa da, aurtengo martxoaz geroztik ez baitiete kontratua berritu behin-behinean ziharduten beste 120 langileri. Beraz, martxoko lantaldearekin alderatuta, 256 lanpostu galduko dira. 

ITP Castingsek harturiko neurriak aurreikuspen txarrenak okertu ditu. Urrian, ITPk lantaldearen %15i eragiten zion erregulazio espedientea onartu zuen Zamudioko (Bizkaia) plantan, eta antzeko batezbesteko bat espero zen. Enpresak arrazoi ekonomikoak eta ekoizpenaren ingurukoak argudiatu ditu lehen bileran. Langile batzordeak (UGT eta CCOOKo seina kide, LABeko hiru eta ELAko bat) esan dio ez duela onartuko horrelako neurri traumatikorik, krisia koiunturala dela uste duelako, eta behin-behineko neurriak har daitezela eskatu dio. Negoziazio epea gaur hasi da, eta hilabete dago aurretik. 

PCBn hegazkinaren turbinaren lehen pausoa ematen dute. Piezak egiten dituzte, fundizioa ere badutelako, eta gero Zamudion elkartzen dituzte, motorra egiteko. Esan bezala, 410 langile dira, eta denak finkoak, gaur egun ez baitago behin-behinekorik. Adin batezbestekoa, gainera, ez da oso altua, eta hamar bat izango dira erretiro aurreratuen eskaintzan sar daitezkeen langileak. Sindikatuek salatu dute ITP emaitza onak lortzen ari dela eta iaz multzoak 95 milioi euro irabazi zituela. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.