Espainiako Gobernuak COVID-19aren txertaketa kanpaina hasiko du urtarrilean

Hiru fasetan emango dituzte txertoak. Txertoa hartzen lehenak osasungintzako langileak eta zahar etxeetako egoiliarak izango dira.  

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa. J. J. GUILLEN/EFE
Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 24a
15:04
Entzun

2021eko urtarrilean ekingo dio txertaketa kanpainari Espainiako Gobernuak. Salvador Illa Osasun ministroak adierazi bezala, txertaketa hiru fasetan izango da, eta lehena urtarrilerako prest egongo dela aurreikusi du. Txertatzea ez da derrigorrezkoa izango, baina txertoak onarpena izatea espero du gobernuak. Urtarriletik martxora txertatuko dituzte zahar etxeetako egoiliarrak, bertako eta osasungintzako langileak, eta egoitzetan ez dauden baina menpekotasunen bat dutenak.

Martxotik ekainera artean izango da bigarren fasea, eta dosiak “progresiboki” gehituko direla adierazi du ministroak. Hirugarren faserako datarik ez du eman, baina biztanleriaren gehiengora heltzeko asmoa adierazi du.

Planean, hamazortzi taldetan banatu dute biztanleria, eta, horretarako, kontuan hartu dituzte irizpide «etikoak», arriskuak, birusarekin duten kontaktua, erikortasuna, eragin sozioekonomikoa eta transmisioa. Horiek horrela, lehentasuna duten taldeek hartuko dute lehenik txertoa —zahar etxeetako egoiliarrek eta osasungintzako langileek, kasurako—. Dena den, ministroak adierazi du talde horiek ez direla behin betikoak, eta medikamendu berriak heldu ahala moldatuko direla.

Txertaketa planak bi helburu dituela adierazi du: batetik, COVID-19aren ondoriozko hilkortasuna kontrolatzen laguntzea, eta, bestetik, txertoak jaso bezain pronto jendea txertatzeko ahalmena izatea. Horiek horrela, maiatzerako 10 milioi lagun txertatuta egotea espero duela adierazi du Illak.

Europako Batasunak bideratuko ditu txerto horiek estatura, eta ministerioak aurreikusi du 140 milioi dosi hel daitezkeela 2021ean. EBk lau farmazia enpresarekin egin ditu akordioak orain arte: Pfizer-Biontech, Astrazeneca, Sanofi eta Johnson & Johnsonekin. Beste bi enpresarekin ere hasi ditu elkarrizketak: Moderna eta Curevacekin. Datorren urtean jasoko dituzten dosiekin 80 milioi pertsona txertatu ahalko dituztela uste du ministerioak.

Dena den, %90eko eraginkortasuna duten txertoen kasuan hamar lagunetik bati ez dio eraginik egingo, eta zenbait txerto mota bi dositan banatu behar dira. Horrez gain, erreserba estrategiko moduan edo beste herrialde batzuetara bideratzeko gorde ditzakete dosi batzuk. Horrenbestez, luzera begira helburua Espainiako Estatuko biztanleria osoaren %75 —35 milioi lagun, alegia— txertatzea dela adierazi du Fernando Simon Espainiako Osasun Ministerioaren bozeramaileak

Borondatezko txertaketa

Gainontzeko txerto guztiak bezala, COVID-19arena ere ez da derrigorrezkoa izango Espainiako Estatuan. Hori horrela izanda ere, txertaketa datu altuak jasotzen direla adierazi du ministerioak. Batez ere haurren arten jasotzen dira datu horiek, baina aurtengo gripearen kanpainan txertatuen gorakada izan dela adierazi dute: 14 milioi pertsonak hartu dute txertoa. Gobernuak txertoa hartzearen garrantzia azpimarratu du; izan ere, haren ustetan, txertoaren «onarpen masibo» batekin baino ezin daiteke lortu birusa gainditzea. Dena den, gobernuak adierazi du ez duela baztertzen jendea txertatzera derrigortzea, esperotako emaitzarik izan ezean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.