Irakaskuntza

COVID-19ak itunpeko ikastetxeetan eragindako gastuei aurre egiteko, 36,6 milioi jarriko ditu Jaurlaritzak

Euskaltegientzat beste 250.000 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak, eta, denetara, 22,4 milioi euroko ekarpena egingo die.

jarraia190210.jpg
2020ko azaroaren 24a
15:56
Entzun

Eusko Jaurlaritzak 36,6 milioi euro emango ditu itunpeko ikastetxeek pandemia garaian izan dituzten gastu gehigarriei aurre egiteko. “Prebentzio protokoloek eskatzen dituzten neurriak aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzeko”, hain zuzen. Gaur goizean egindako Gobernu Kontseiluan hartu dute erabakia, eta orobat zehaztu dute zertarako erabiliko den diru laguntza hori: langileak kontratatzeko edo lehendik daudenei orduak gehitzeko, irakasleen ordezkapenak egiteko, garbiketa gastuetarako, eta material informatikoa erosteko edo alokatzeko.

Irakasle berrien kontratazioaren zenbatekoa zehazteko, kontuan izango dira ikastetxe bakoitzaren gela eta ikasle kopurua, eta baita ikastetxe bakoitzaren Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea ere. Indize hori osatzeko, hainbat adierazle hartu da aintzat: besteak beste, ikasketa emaitzak, hezkuntza laguntzarako beharrak, ikasleek ikastetxean duten jarraitutasuna eta maila sozioekonomikoa. Material informatikoa erosi edo alokatzeko laguntzetarako, zenbateko bat ezarri da eskolatutako ikasle bakoitzeko. Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetara bideratuko da laguntza hori. Garbiketari eta irakasleen ordezkapenei dagokienez, hezkuntza itunean igoerak ezarri dira: %20koa garbiketarako, eta %40koa ordezkapenetarako.

Pandemiak eragindako kalteak leuntzeko, euskaltegientzako ere diru laguntza handituko du Jaurlaritzak, eta 250.000 euro gehiago jarriko ditu koronabirusak eragindako kalteak arintzeko. Hala, 2020-2021eko ikasturterako 22,4 milioi euroko diru laguntzak bideratuko ditu HABEk. Pandemia egoerara egokitzeko, ikasgeletako edukiera murriztu behar izan dute zentroek, eta talde gehiago sortu behar izan dituzte. Horrez gain, autoikaskuntza ereduan ikasle gehiago matrikulatu dira. Horri guztiari aurre egiteko baliatuko dituzte euskaltegiek ekarpen berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.