Larunbatetik aitzina irekiko dituzte dendak Ipar Euskal Herrian

Konfinamendua arintzeko lehen neurriak iragarri ditu Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Dendez gain, egunean hiru orduz atera ahalko da kalera, eta eskolaz kanpoko aktibitateak berriz egiten ahalko dira. Jatetxeek, ordea, hetsirik jarraituko dute, eta elkarretaratze jendetsuek, debekatuak.

Emmanuel Macron, joan den astean izandako gobernu bilera batean. THIBAULT CAMUS / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat - Paulo Ostolaza
2020ko azaroaren 24a
20:36
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak konfinamenduaren arintzeari buruzko neurriak gaur iragarriko zituela espero zen, eta hala egin du: larunbatetik aitzina aldaketak izango dira Ipar Euskal Herrian. Dena den, abisua eman du presidenteak: «Zenbait gauza aldatuko dira, baina beste batzuk ez».

Hiru dira gaur iragarritako aldaketa nagusiak: egunean 3 orduz ateratzen ahalko da etxetik 20 kilometroko tartean; dendak irekiko dituzte 21:00ak arte; eta eskolaz kanpoko aktibitateak (kanpoan badira) berriz egiten ahalko dira. 30 pertsonako mezak ere egin ahalko dira. Dena ez da malgutuko, ordea; jatetxeek hetsirik segituko dute, eta elkarretaratze jendetsuek, debekatuak.

Macronek datuek «behera» egin dutela esanez hasi du mintzaldia. «Bigarren olatuaren muina pasatu» dela esan, eta hartutako neurrien eragina azpimarratu du: «Jarri genituen helburuak, halere, urrun daude». Presidentearen arabera, Frantziako Estatuan eguneko 5.000 kasura iristea da helburua, eta suspertze zerbitzuetan 2.500 paziente izatea guztira. Momentuz, 20.000 kasu daude egunean.

Abenduaren 15a izango da erabakiak indarrean jartzeko hurrengo epea. Datuek hobetzen segituz gero, konfinamendua kendu eta etxeratze agindua ezarriko luke Macronek, 21:00etatik 07:00etara. Data horretan kultura lekuak irekitzeko asmoa erakutsi du. Jatetxeek, ordea, aurreikuspenak betetzen badira, urtarrilaren 20ra arte itxaron beharko dute. Ez du argitu ostatuak ere haiekin batera zabalduko dituzten ala ez. 

Beraz, hori da presidenteak ezarritako hurrengo epea: urtarrilaren 20a. Printzipioz, urtarrilaren 20tik 15 egunera hasiko dira ikasleak berriro ere unibertsitateetan, presentzialki.

Helburuak, txertoak, eta laguntzak

«Neurri horien helburua hirugarren olatu bat saihestea da», esan du Macronek, eta gehitu du Eguberriko bakantzak ez direla «beti bezala» izanen. Abenduaren 15ean emango ditu Eguberriko bestei begirako neurri bereziak. 

PCR probei dagokienez, urtarrilaren hasierarako Macronek helburu bat jarri du: 24 orduko epea izan beharko da testa egiteko eskaeraren eta emaitzaren artean. Horretaz gain, positibo eman duten pertsonak «zorrotzago bakartzeko» neurriak ezarri nahi ditu plantan Frantziako Gobernuak, auzapezekin partaidetzan.

Txertoari buruz ere hitz egin du. Autoritate sanitarioen onespena itxarongo du Frantziako Gobernuak lehen txertoak banatu aurretik. Hori jasotzen badute, abenduaren 20aren eta urtarrilaren hasieraren artean hasten ahalko litzateke txerto kanpaina, eta adineko pertsonek izango lukete lehentasuna. Halere, segurtatu du ez dela derrigorrezkoa izanen.

Itxita segitu beharko duten enpresei (diskotekak, ostatuak...) diru laguntzak izanen dituztela segurtatu die Macronek. Ez hori bakarrik; gazteentzako laguntza bereziak ezarriko ditu plantan, eta Gazte1 Aterabide1 kanpaina abiatuko du Frantziako Gobernuak.

Azkenik, pazientzia izateko eskatu die Macronek herritarrei: «Kasik urte bat irauten duen egoera hau zaila izaten ari da, eta ez da oraindik bukatua». Haren arabera, «Frantziak asko ikasi du epidemia honetatik: arta sistema hobetzeko gai dela erakutsi du, komertzioak herritarrengandik hurbildu ditu teknologia berrien bidez...»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.