Datuak

Hego Euskal Herrian atzemandako positiboen ehunekoa %5,2 da

Azken datuen arabera, beste 799 kasu atzeman dituzte. Azken astean 142 lagun zendu dira Hegoaldean gaitzarekin. Nafarroan atzemandako ehunekoa %3,6era apaldu da, OMEk mugarritzat duen %5eko portzentajearen azpitik.

COVID-19 atzemateko antigenoen testak, Zarautzen. GORKA RUBIO, FOKU
Arantxa Iraola - Uxue Rey Gorraiz
2020ko azaroaren 25a
11:32
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundeak mugarritzat du %5eko portzentajea izurriaren kontrolean, eta Nafarroan gaur jakinarazi dituzten datuetan langa hori jaistea lortu dute; atzo, 104 COVID-19 kasu atzeman zituzten egindako testetan; alegia, %3,5 izan ziren positibo. Koska handia da, portzentaje hori atzo %6,9 baitzen. Hegoaldeko gainerako herrialdeetako datuak ere aintzat hartuta, azken datuen arabera, Hegoaldean %5,2 da portzentajea. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dutenez, 799 kasu detektatu dira Hegoaldean, bezperan baino 48 gehiago. Halaber, azken astean gaitzarekin hildakoen datuak argitaratu dituzte Hegoaldeko agintariek: azaroaren 16tik 22ra bitarteko astean gutxienez 142 pertsona zendu dira.

Kutsatuen datuei dagokienez, herrialdez herrialde, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, hiruretan ugaritu dira kasuak bezperako datuen aldean. Nafarroan, aldiz, apaldu egin da positibo kopurua. Zehazki, Bizkaian zenbatu dute positibo gehien: 303 izan dira, bezperan baino 20 gehiago. Gipuzkoan 275 detektatu dituzte, aurreko egunean baino 40 gehiago, eta Araban, aldiz, 101 positibo zenbatu ditu Osakidetzak, bezperan baino 14 gehiago. Osakidetzak egindako testen %5,6k eman dute positibo astearteko probetan.

Nafarroan, berriz, apaltzera egin du egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruak. PCR probak eta antigenoen testak aintzat hartuta, atzo birusa atzemateko 2.940 proba egin zituen Osasunbideak, eta 106 positibo detektatu dira guztira. Aldiz, 141 erregistratu zituzten asteleheneko testetan. Azken asteko datuei erreparatuta, kasuen hazkundea nabarmen moteldu dela antzeman daiteke foru erkidegoan. Azken zazpi egunetan, egun bakarren erregistratutako positibo kopuruak behin baizik ez du gainditu 150 kasuen langa: hilaren 19an egindako probetan. Gainerako zenbaketetan kopurua apalagoa izan da beti.

Nafarroako osasun agintariak nabarmentzen ari dira datuen hobekuntza, oraindik adi egon behar dela diote, ordea. Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza hasi dira, Eguberrietara begira, izurria kontrolatzeko zer neurri hartu beharko diren esaten. Nafarroako Gobernuak esan du abenduko zubia igaro eta gero hasiko dela zehaztapen horiek ematen. Hasi da, hala ere, epidemia kontrolatzeko hartzen ari den neurriak arintzen; bihar, adibidez, terrazak irekitzeko aukera izango da, eta zahar etxeetarako bisitak berriz egin ahal izango dira.

Gainera, Hegoaldeko ospitaleen egoerari dagokionez, koronabirusarekin eri ziren 67 pertsona eraman zituzten atzo ospitalera. Oraintxe bertan 194 lagun daude gela arruntetan erietxeratuta. Halaber, 181 pertsona ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.