Europako funtsak

Jaurlaritzak abenduaren 29an ezagutaraziko du Euskadi Next proposamena

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Europako Batasuneko Next Generation funtsen laguntzak jasotzeko aurkeztutako proiektuen aukeraketa bat helaraziko dio Gasteizko gobernuak Madrilgoari.

Ursula Von Der Leyen Batzordeko presidentea, Europako Parlamentuan. OLIVIER HOSLET / EFE
xabier martin
2020ko azaroaren 25a
12:45
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk jakinarazi du bere gobernuak abenduaren 29an plazaratuko duela Europako Next Generation funtsen finantzaketa lortu nahi duten proiektuen azken zerrenda. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak aurkeztutako proiektu hautagaien artean azken zerrenda bat egingo du Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari igortzeko. «Euskadi berdeago, digitalago eta inklusiboago egiteko proiektuak» izango dira, Urkulluk esan duenez.

Gasteizko gobernuak dozena bat bilera egin ditu jadanik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeekin eta beste eragile ekonomikorekin. Aldundiek eta hainbat udalek ere ezagutarazi dituzte beren proiektu hautagaiak, eta horien guztien artean zerrenda bat egin beharko du Lakuak, betiere Europako Batasunak ezarritako helburuekin bat datozenekin; hurrengo urratsa Espainiako Gobernuari igortzea izango da, hark Europara bidaliko duen proiektuen zerrenda egin dezan. Alegia, euskal proiektuek Madrilen galbahetik pasatu beharko dute Europako finantzaketa hori lortzeko hautagai izateko, eta ikusteko dago Madrilek zer-nolako irizpideak baliatzen dituen bere zerrenda egiteko, eta zenbateraino bilatuko duen erkidegoen arteko oreka, Bruselak oso irizpide argiak ezarri dituen arren.

Europako Batasunak pandemiari aurre egiteko plan berezia onartu zuen joan den uztailean, eta, horren arabera, Espainiak 140.00 milioi euro inguru jasoko ditu datozen urteetan, horien erdiak laguntza zuzenetan eta beste erdiak mailegutan. Laguntza zuzen horien artean daude Next Generation esan dieten funtsak; Marshall plan moduko bat. Europak lagunduko dituen proiektuek, dena den, trantsizio ekologikoaren eta digitalizazioaren arlokoak izan beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.