Gdeim Izik

Marokok berretsi egin ditu Gdeim Izikeko gertaerengatik espetxeratutako sahararren zigorrak

2017an hogei urte eta hil arteko zigorrak ezarri zizkieten 22 independentista sahararri.

Sahararren aurkako zigorrak salatzeko protesta bat, 2017an, Madrilen. DARWIN CARRION, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 25a
13:02
Entzun

Hamabost minutu. Marokoko Helegite Auzitegiak tarte horretan ebatzi ditu duela hiru urte 22 sahararri ezarritako zigorraren aurkako helegiteak. Ez du bat bakarra ere aintzat hartu. Batzuk atzera bota ditu «argudio faltagatik», beste batzuk ez ditu onartu, eta gainontzekoak «iraungita» zeudela adierazi du. 2010ean Marokoko indarrek Gdeim Izikeko kanpamentua desegin zutenean 11 polizia marokoar hiltzea leporatzen diete, zehaztu gabe nork nor hil zuen. Horrez gain, indar publikoei eraso egiteaz eta hilotzak mutilatzeaz ere akusatu dituzte.

2017an, Marokoko Saleko Helegite Auzitegiak lau urte eta bizi osorako kartzela zigorrak ezarri zizkien saharar independentistei. Auzipetuek zazpi urte zeramatzaten espetxean ordurako, eta bigarren epaiketa zuten hura. Lehena auzitegi militar batean egin zieten, 2013an, atxilotu eta bi urtera. Orduan, nazioarteko gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu zuten epaiketa frogarik gabe egin zela, eta akusatuek torturapean deklaratu zutela. Torturaren Kontrako Batzordeak ere bat egin zuen salaketarekin. Ondorioz, Kasazio Auzitegiak, 2016ko uztailaren 27an, epaia eman eta hiru urtera, ezeztatu egin zuen auzitegi militarraren sententzia.

Ondoren etorri zen epaiketa zibila, 2017koa, zeina ez zen askorik aldendu aurrez emandako epaitik. Zortzi laguni bizi guztirako kartzela zigorra ezarri zieten, hiruri 30 urteko kartzela zigorra, bosti 25 urtekoa, eta beste hiruri hogeikoa. Akusatuetako bi aske geratu ziren; izan ere, lau urte eta bost hilabeteko, eta sei urte eta erdiko zigorrak ezarri zizkieten, eta biek denbora hori baino gehiago zeramaten espetxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.