Kontsumoa

Bilbotarrek ordaintzen dute Euskal Herriko hiriburuetako ur fakturarik garestiena

Bizkaiko hiriburuan ia %10 garestitu da ura 2016. urtetik, kontsumitzaile elkarte baten arabera. Donostiarrek dute metro kuboa merkeen.

Bilbo azpiko ur hodiak. BILBO BIZKAIA UR PARTZUERGOA
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 25a
14:02
Entzun

Donostia eta Bilbo daude uraren kostuaren muturretan. OCU kontsumitzaile elkarteak plazaratu berri duen txostenaren arabera, bilbotarrek donostiarrek baino %66 garestiago ordaintzen dute etxeko ura. Azken urteetako eboluzioa dago horren atzean: Bilbon %9,9 garestitu da uragatik herritarrek kobratzen zaiena 2016. urtetik. Donostiarren faktura, ordea, %3,5 merkatu da.

Zergatik halako aldea? Elkarteak azaldu duenez, hiri batzuetan ur kontsumoa neurtzeko gailuarengatik kobratu egiten diete herritarrei. Bilbon fakturaren %4 dagokio horri, esaterako, baina Donostian, Gasteizen eta Iruñean ez dute kobratzen. Horrez gain, ur zikinak tratatzeko prozesuarengatik ere, Bilbon kobratzen diete gehien herritarrei.

Ur metro kuboa 1,90 euro kostatzen zaie bilbotarrei. Hurrengo garestiena Baionakoa da: 1,44 euro. Iruindarrek 1,37 ordaintzen dute, eta gasteiztarrek, 1,23. Azkenik, merkeena donostiarrena da: 1,14.

Elkarteak salatu duenez, udal agintariek ez diete ura aurrezteko pizgarririk ematen herritarrei, zenbat eta gehiago kontsumitu orduan eta merkeagoa delako metro kuboa. Esaterako, Bilbon urtean 175 metro kubo kontsumituta, 332,97 euro ordaintzen da. Hiruzpalau pertsonako etxebizitza batean urtean gastatzen den kopurua da hori, gutxi gorabehera. Iruñean, 240,11 euro ordaintzen dira; Gasteizen, 215,22; eta, Donostian, 199,75. Aurtengo urriko datuak dira. Baionan, 172,5 euro ordaindu behar dira urtean 120 metro kubo gastatuta, 2018ko datuetan.

 Alde horren atzean dago Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak ezartzen duen bloke politika, Kepa Loizaga OCUk Bilbon duen eledunaren arabera. «Deigarria da gehiago kontsumitzea merkeagoa izatea. Linealagoa izan beharko luke». Loizagaren arabera, ezin zaio dena egotzi uraz hornitzeko hiriburu bakoitzak duen zailtasunari. «Bilboko ura Altubeko urtegietatik datoz, Arabatik», eta horrek azal dezake garestiagoa izatea, «baina Gasteizen Donostian baino garestiagoa da ura, Arabako hiriburuak urtegi handiak baditu ere». Bilbon, partzuergoak ur kontsumoa neurtzeko gailuarengatik kobratzen die herritarrei, «kobratu nahi dutelako; partzuergoak ezarritako irizpidea da».

OCUk eskatu die udalei eta partzuergoei salneurri bereziak ezartzeko familia handiei, eta baita gizarte laguntza bat ura ordaintzeko, argindarrarekin egiten den bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.