Nafarroako zahar etxeek toki bereziak egokituko dituzte bisitetarako

Bihartik aurrera indarrean sartuko diren neurrien foru arauak zehaztu ditu gobernuak. Terrazen kasuan, mahaiko lau pertsona egongo dira gehienez, eta bi metro gorde beharko dira mahaien artean.

Zainduz elkarteak deitutako manifestazioa, urriaren 31n, Iruñean. Erruki Etxeko egoiliarrak bisita eske. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2020ko azaroaren 25a
17:14
Entzun

Astelehenean iragarritakoa arautu du Nafarroako Gobernuak. Bihar ostegunetik aurrerako zahar etxeetako bisiten, ostalaritzako neurrien eta bestelako tokietako edukierei buruzko baldintzen bi foru arauak argitaratu ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Adibidez, zahar etxeetan, egoitzek bisitetarako toki berezi bat egokitu beharko dute: kanpoaldean bada, bisitari zein egoiliarren erosotasuna bermatuz, eta barruan bada, aireberrituz. Hona argibide nagusiak:

Zenbat pertsonak egin dezakete bisita zahar etxeetan?

Txanda aldez aurretik hartu beharko da. Aldiro bi pertsonak bisitatu dezakete, gehienez ere ordubetez. Adinekoen egoitzak arduradun bat izendatuko du prebentzio neurriak kontrolatzeko.

Zer maskara eraman behar da?

FFP2 motakoa, derrigorrez. Ezingo zaio egoiliarrari ezer eman eskura. Aurretik langileei eman beharko zaie desinfekta dezaten. Ezingo da janaririk eman. Egoiliarrak ere maskara eramango du: COVID-19a pasatu badu, kirurgikoa, eta, bestela, FFP2 motakoa. Kontaktua «ahalik eta gehien murrizteko» eskatuko da. 

Senidea ohean badago, ezingo da bisitarik egin?

Bai, egin ahalko dira. Ohean direnek bisitak jaso ditzakete, baina horretarako «sarbide zirkuitu bat ezarriko da kasu bakoitzean, arrisku mailari dagozkion prebentzio neurriekin». 

Non egingo dira bisitak?

Zahar etxeek toki berezi bat egokitu beharko dute horretarako. Toki hori kanpoaldean bada, egokitzapenak egin beharko dituzte guztien erosotasuna bermatzeko. Hala nola karpen bitartez, berogailuekin. Aldiz, barnealdean bada, aireberritu egin beharko da etengabe, eta «horretarako erabiliko den tokia» baino ez da izango. Toki horrek sarbidea izango du egoitzako gainerako tokietatik bereizita, eta, ezin den kasuetan, zirkuitu bat ezarriko da.

Tabernetako terrazek zer baldintza bete behar dituzte?

Estaliak edo estali gabeak izan daitezke, baina terraza horrek bi pareta edo horma izango ditu, eraikineko fatxada barne. Gehienez ere terrazaren perimetroaren erdia hartuko du. Horrek ez du esan nahi ezingo direla jarri airearen zirkulazio librea mugatzen duten elementu finko zein mugikorrak. Dena den, gehienez metro bateko altuera izango dute. Aurretik baimenduak diren terrazen kasuetan, elementuok 1,6 metroko altuera izan dezakete.

Zer distantzia gorde beharko da terrazetan?

Mahaien artean, bi metro gutxienez. Tabernetako arduradunek seinaleak adierazi beharko dituzte lurrean, distantzia horiek manten daitezen. Halaber, «mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira, eta kasu guztietan mantendu beharko da pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea. 80 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien (eta/edo upelen) bueltan, gehienez ere, bi pertsona egonen dira, eserita betiere». Udalei gomendatzen zaie terrazetarako eremua handitzeko aukera aintzat hartzeko, baina betiere segurtasun distantzia gordeta.

Maskara ken daiteke?

Soilik jateko edo edateko. Gainerakoan, maskara eraman beharko da.

Barruan kontsumitu daiteke?

Ez. «Barrualdeko eremuek itxita segituko dute, eta ez da bertan kontsumitzen ahalko».

Erre daiteke terrazetan?

Bai, betiere bi metroko segurtasun tartea gordetzerik badago. Edo, beste modura esanda, «debekatuta dago terrazetan erretzea bi metroko segurtasun tartea gordetzea bermatzerik ez badago».

Noiz arte egon daiteke?

21:00ak arte gehienez. Ordurako, itxi egin beharko dute.

Zer neurri hartu dira museo eta liburutegietan?

Edukiera handitu egin da %50era arte. Dena den, liburutegien kasuan, zerbitzua telematikoki erabiltzea gomendatuko da. Bisita eta jarduera gidatuetan, gehienez hamabi lagun egongo dira (handitu egin da muga hori).

Eta zinema aretoetan?

Gehieneko edukieraren %40 erabili ahalko dute zinema aretoek zein antzokiek. Halaber, ezingo da 150 eserlekuren kopurua gainditu. 22:00etara arte egon daitezke irekirik. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.