Futbola

Maradona hil da

Clarin egunkariak zabaldu duenez, bihotzekoak jota zendu da jokalari argentinarra. Fakun Aznarez kazetari argentinarraren analisia, Maradonaren heriotzaren inguruan:

ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 25a
17:41
Entzun

Diego Armando Maradona hil da. Clarín egunkariak zabaldu duenez, bihotzekoak eman dio futbolari argentinarrari, etxean zela. Momentuz ez dago berri gehiago. Duela aste batzuk ebakuntza egin zioten, buruan odol isuri bat zuelako. Azaroan 3an izan zen hori. Hunkigarria izan zen zaleek erietxerako bidean eta itzuleran egin zioten agurra. Argentinarrentzat ikur bat bat zen, zelaian zein zelaitik kanpo. Egun, Gimnasia eta Eskrima taldeko entrenatzailea zen, eta 60 urte bete berri zituen. 

Historiako futbolari handienetako bat izan da argentinarra, Pele, Cruyff eta enparauekin batera. Zortzi seme-alabaren artean bosgarrena zen. Eta txikitatik izan zuen pasio bakarra futbola izan zen. Argentinos Juniors taldean hasi zuen bere kirol ibilbidea, 1976an. Bost denboraldi eman zituen han. 1981ean, Boca Juniorsek fitxatu zuen, bere talde kutunak. Liga irabazi zuen. Espainiako 1982ko Munduko Kopa izan zen bere lehen txapelketa handia Argentinarekin. Eta, horren ostean, Bartzelonak fitxatu zuen. Han bi denboraldi jokatu zituen. Sekulako erakustaldiak eman zituen. Baina hepatitis batek, orkatilako lesio batek eta Andoni Goikoetxea Athleticeko jokalariarekin izandako ika-mikak zeresana eman zuten. Hiru titulu irabazi zituen Kataluniako taldearekin: Espainiako Kopa bat, Superkopa bat eta Ligako Kopa bat.

Beste klub batean eman zituen urterik onenak, hala ere: Napolin. Italiako taldearekin bi Liga, Italiako Kopa bat, Superkopa bat eta UEFAko Kopa bat irabazi zituen. Artean sailkapenaren erdi behealdean zegoen talde bat handi egin zuen.

Baina, aldi berean, Argentina ere handi egin zuen. 1986an Mexikoko Munduko Kopa irabaztera eraman zuen. Ahaztezina izan zen Ingalaterraren aurka zelai erditik abiatuta sartu zuen gola eta Jainkoaren eskuarena. Lau urte geroago, Italian, berriz balentria egiteko zorian egon zen. Baina finalean Alemaniak irabazi zion Argentinari, Brehmek sartutako gol bati esker.

Gainbehera

1991an hasi zen argentinarraren gainbehera. Positibo eman zuen kokainagatik dopinaren aurkako kontrol batean. Hamabost hilabete eman zituen jokatu gabe. Sevillak fitxatu zuen gero, eta, oraindik ere zuen mailaren zertzelada batzuk eman zituen arren, jada hasi zen fisikoki gainbehera handia erakusten. Ordurako ezagunak ziren drogarekin zituen arazoak. Azkenerako, sorterrira itzuli zen, New Old Boys taldean jokatzera. Helburu bakarra zuen: 1994ko Munduko Kopa jokatzea. Jokatu, jokatu zuen, gol bat ere egin zuen. Baina berriro ere positibo eman zuen kontrol batean. Bere kirol ibilbidearen amaiera izan zen.

Ondoren entrenatzaile hasi zen. Baina osasunak eta drogarekiko menpekotasunak ez zion ibilbidea egiten utzi. Baloia oinetan eramateko zuen moduagatik, zuen karismagatik eta zelaietatik kanpo ere zeresana eman zuelako, beti izango da handienetako bat. Argentinako 10a hil da, baina ez haren arrastoa. Izan ere, Andres Calamaroren kantuak dioen moduan: «Maradona ez da edozein pertsona. Baloi bati itsatsitako pertsona bat da».

Zelaietatik kanpo, harreman estua zuen Hego Ameriketako politikari askorekin. Tartean Hugo Chavez, Evo Morales, eta batez ere Fidel Castrorekin. Kuban hainbat alditan egon zen harekin. Hain zuzen ere bada datu berezi bat: Castroren egun berean hil da Maradona, lau urte geroago.

Heriotzak erredakzio andana eragin ditu. Hunkigarrienetakoa izan da Pelerena. Brasilgo historiako jokalari handienetakoak ondorengoa adierazi du. «Nik lagun bat galtzen dut, eta munduak ikur bat. Egunen batean zeruan jokatuko dugu elkarrekin». Cesar Luis Menotti entrenatzaileak ere arrastoa utzi zuen Maradonaren kirol ibilbidean. Lagunak ziren, gainera. Bartzelonan eta Argentinako selekzioan zuzendu zuen. «Min handia dut. Ezin dut sinetsi».Alberto Fernandez Argentinako presidentea ere mintzatu zen: «Argentinarrak zorretan gaude harekin. Ez dakit sekula beste Diego bat izango dugunik. Ez bakarrik teknikoki zituen ahalmenengatik, baita ere Argentinako elastikoa jantzita erakutsi zuen kuraiagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.