Zergak

Frantzia Google tasa ordaintzeko eskatzen hasi zaie enpresa teknologikoei

Azken hilabeteetan izoztuta izan du zerga, baina fruiturik ez dute eman beste aukerak bilatzeko negoziazioek. AEBek muga zergekin erantzutea espero da

Google, Facebook, Amazon eta beste enpresa digitalek oso zerga gutxi ordaintzen dituzte. SASCHA STEINBACH / EFE
Iker Aranburu.
2020ko azaroaren 25a
19:02
Entzun

Amaitu da Frantziako Gobernuak enpresa teknologiko handiei emandako su-etena. Amazon, Facebook, Google eta enparauei jakinarazi die 2020ari dagokien tasa digitala ordaindu behar diela. Eskaerak ez du harrera ona izango Washingtonen, eta luze gabe ekar dezake AEBetako Gobernuak Frantziako hainbat produkturen inportazioari muga zergak ezartzea.  

Munduan zehar Google tasa ezaguna dena iaz onartu zuen Frantziako parlamentuak, ikusita herrialde askotan ezartzeko OCDEren barruan egindako saioak ez zuela fruiturik ematen. Gafa tasa izena jaso du Frantzian, Google, Amazon, Facebook eta Appleren laburdura, lau enpresa horiek ordaindu beharko luketelako tasa digitalaren zatirik handiena. Enpresa horiek eta Interneteko beste erraldoiek izkin egiten diete mundu osoko ogasunei, dela irabaziak zerga paradisuetara desbideratuz, dela legezko trikimailuen bitartez. Trikimailu horien artean ohikoena da enpresaren adarren bitartez enpresaren diru sarrerak zerga txikiko eremuetan biltzea —horietako batzuk Europako Batasunean bertan—, eta irabaziak han aitortzea.

Irabaziak zergapetzearen zailtasuna ikusita, Frantziak erabaki zuen %3ko tasa bat ezartzea enpresek sarean egiten duten fakturazioaren gainean. Hau da, diru-sarrerak zergapetzea eta ez, ohikoa den moduan, irabaziak. Hori bai, zergak multzo zehatz bat du buruan, korporazio handiena, eta horregatik salbuetsita daude munduan  750 milioi eurotik behera eta Frantzian 25 milioitik behera fakturatzen dutenak.

AEBen haserrea

Baldintza horietako gehienak AEBetako enpresek betetzea «baztertzailea» iruditu zaie Atlantikoaren bestaldean, eta Donald Trumpen gobernuak Frantziaren aurkako zigorrak jartzearekin mehatxu egin zuen. Xanpainari, gaztei eta beste produktu batzuei %100eko tarifak jarriko ziela iragarri zuen Trumpek. Mehatxu horrek izan zuen bere eragina: Frantziako Gobernuak onartu zuen zerga lozorroan jartzea eta OCDEri denbora gehiago ematea enpresa handien gaineko zerga araudi bateratu bat proposatzeko. Saio horrek ezer gutxi eman du, besteak beste, Trumpek elkarrizketak uztea erabaki baitzuen joan den ekainean.

OCDEren bidea erabat baztertu gabe, Europako Batasunak bere bide propioa egitea hobetsi du orain Parisek, baina Irlandaren eta Eskandinaviako herrialdeen ezezkoarekin ari da topo egiten. Frantzia ez dago bakarrik, ordea; beste estatukide batzuek eta Erresuma Batuak berak onartu dituzte Google tasak azken hilabeteetan. Horien artean dago Espainia: urrian pasatu zuen azken tramitea Senatuan, eta urtarrilaren 1ean da indarrean jartzekoa.

Litekeena da Trumpen gobernuak berehala erantzutea, eta %25eko muga zerga ezartzea Frantziako luxuzko poltsen eta beste produktu batzuren inportazioei. Baina gatazka konpontzea Joe Bidenen administrazioaren esku egongo da. Oldarkortasun gutxiago espero da haren aldetik, baina ez jarrera asko aldatzea, demokraten artean ere arbuioa sortzen dutelako Google tasak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.